Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolaren hurrengo ekintza domeka honetan egingo da, azaroaren 30ean, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira antolatutako programazioaren baitan. Ekintza irekia izango da emakume zein gizonentzat.
Zineforum feministak emakumeei zein gizonei zuzendutako espazio bat sortzea du helburu, zinemaz begirada kritiko eta feminista batekin gozatzeko, sexu, genero, arraza, orientazio eta abarrengatik jasandako desberdintasun, diskriminazio eta indarkeriei buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko leku egokia sortuz.
Zineforumean, azaroaren 30ean, domeka, 18:00etan Herri Antzokian, Alauda Ruiz de Azúa zuzendari barakaldarraren Los domingos (2025) filma botako da eta ondoren tertuliarako tartea irekiko da.
Sinopsia eta fitxa teknikoa
Los domingos filmak Ainararen istorioa kontatzen digu, 17 urteko gazte idealista eta apartekoa, unibertsitateko zein karrera ikasiko duen erabaki behar duena. Hori espero du bere familiak, behintzat. Alabaina, gazteak adierazi du Jainkoarengandik gero eta hurbilago sentitzen dela eta klausurako moja bilakatzea planteatzen duela. Albisteak ustekabean harrapatu du familia osoa, amildegi bat sortuko da eta proba erabakigarri bati aurre egin beharko diote.
