Soraluzeko Udalean ordezkaritza duten talde guztiek adierazpen instituzional adostua kaleratu dute Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren bezperan eta antolatutako ekintza zein elkarretaratzean parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Adierazpen instituzionala
Azaroaren 25ean emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurka gaudela adierazteko eguna da, bizitza aske, seguru eta burujabeak eraikitzearen alde gaudelako.
Duela aste batzuk Zarautzen beste erailketa matxista baten berri izan genuen, gure babesa adierazi nahi diegu senide eta gertukoei. Erailketa honek berriz ere mahai gainean jartzen du indarkeria matxista lehen mailako arazoa dela gure gizartean, bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du bere bizitzan zehar eta gazteen artean, sareetako indarkeria kasuek etengabe egiten dute gora, hau sistema patriarkal sendo baten ondorioa da. Analisi feministak azpimarratzen du sexu-generoa sistemaren egiturazko desparekotasunetan duela jatorria; izan ere, sistema horrek gizarte bitar eta patriarkalari eusten dio, botere-harreman sakonek markatua, eta maskulinoa eta heterosexuala indarkeriaz nagusitzen dira egunerokoan, bizitzaren esparru eta alderdi guztietan.
Indarkeria matxistak isilarazi eta bakartu egiten ditu emakumeak, biktimagileek zigorgabetasun-sentsazioa areagotuz. Isolamendua eta komunitatearekin lotura falta nabarmenagoa da emakume zaurgarrienen artean: adinekoak, urruneko landa guneetan bizi direnak, desgaitasuna dutenak, atzerritarrak edo bestelako baldintza bereizleak dituztenak.
Zentzu honetan guztion ardura da, komunitate bezala, aurre egitea eta esparru ezberdinetatik aritzea, Gobernantza Feminista oinarri. KOMUNITATEAk beste pertsona batzuekin konektatzen gaitu, eta babes-loturak garatzea eta narratiba komunak sortzea ahalbidetzen du. Horregatik, komunitateak emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzen lagun dezake, eta berdintasunean oinarritutako harreman-inguruneak sortu, diskriminazioaren eta indarkeriaren adierazpenek tokirik izan gabe. Auzokide, lagun edo kuadrillen arteko harreman estuak goiz ohartaraz dezake indarkeria-egoera gertatzen ari dela.
Bide honetan, gizarte-eredua aldatu behar dugu indarkeria matxistaren adierazpen guztiak ikusarazteko, kausak aztertzeko eta horiek prebenitzeko eta ezabatzeko ekintza zehatz eta eraginkorrak abian jartzeko, baita gure egunerokoan horiek justifikatzen edo babesten dituzten erakundeak eta egiturak identifikatzeko ere. Erasoak salatzeaz gain, mundu justuago bat, bizigarriago bat, askea eraikitzeko lanean jarraitu behar dugu, honetan Mugimendu Feminista dugu eredu.
Orain, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da. Indarkeria matxistari aurre egin ahal izateko ezinbestekoa da berdintasun-politikei beharrezko giza baliabide eta baliabide ekonomikoak eskaintzea. Horrez gain, ikuspegi feministarekin lan egin behar dugu, egunero eta eremu guztietan. Lehen mailako arazo sozial honen aurrean instituzioetatik pausoak ematen jarraitu behar dugu, prebentziotik hasita erreparazioraino.
Udalok erantzukizun zuzena dugu, komunitateak sustatzeko non auzotarrak, taldeak eta koadrilak indarkeria matxistaren aurrean erne egongo diren, eta indarkeria matxista pairatzen dutenak hartu, integratu eta babestuko duen bizitza komunitarioa bultzatzeko. Era berean, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimentzako komunitate erreparatzaileak sustatzeko erantzukizuna dugu.
Horregatik, Soraluzeko Udalak honako jarduera hauek garatzeko konpromisoa hartu dugu:
- Indarkeria matxistaren aurreko protokoloak eguneratzen dihardugu udalean eta hauek elkarlanean eta koordinazioan garatzeko pausoak ematen. Bide horretan beharrezko diren berregokitzapen guztiak egingo ditugu aurrerantzen ere; erasoa jasandako pertsonaren beharrak zentroan jarriz eta benetako erreparazioa bilatuz, berriz biktimizatzea ekidinez.
- Indarkeria matxistako kasuen aurrean herritarren mobilizazioa sustatzen jarraituko dugu, indarkeria gaitzesteko eta biktimekiko elkartasuna adierazteko.
- Erantzunak integrala behar du izan ibilbide honetan. Hori dela eta, prebentzioan eta heziketan ere pausoak ematen jarraituko dugu:
- Hezkuntza formal eta ez-formaleko eragileekin elkarlanean, ume, gazte, familia eta profesionalei egokitutako hezkidetza tailerrak eta baliabideak eskainiz herrian.
- Emakumeen* ahalduntze eskolan ere emakumeen* arteko elkarguneak indartzen jarraituko dugu eta emakumeen* ahalduntzerako hain beharrezkoak diren tailer, hitzaldi, tertulia eta bestelako topaguneak eskaintzen; komunitate sendoa eraikiz Soraluzen.
- Hezkuntza, osasun, kultura eta aisialdi inguruneetan laguntza-sareak sustatuz, zerbitzu publikoak taldeekin, elkarteekin eta berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren esparruan elkarri laguntzeko ekimenekin konektatzeko.
- Zaintza eredu komunitario feminista bat garatzea proposatzen dugu, emakumeen zaintza-lana aitortuz eta birbanaketarako mekanismoak sustatuz, eta horretarako zaintzen komunitate-ekosistema bat sortzeko estrategia definituko dugu.
- Soraluzera kanpotik iristen diren pertsonentzako harrera eta integrazio programak garatzeko pauso sendoak emango ditugu, tokiko komunitatearekin lotzea ahalbidetzeko, bereziki emakume eta neskengan arreta jarriz.
- Tokiko emakumeen mugimenduei eta mugimendu feministari laguntzen jarraituko dugu eta haiekin koordinatzen, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak haien borrokan babesa emateko jarduerak garatzeko.
- Aurtengo erronka handia daukagu mahai gainean: Soraluzeko udalean III.berdintasun planaren balorazioa egiten ari gara eta honek IV.planaren oinarriak ezarriko dizkigu maila instituzionalean eta baita gure herriari begirako erronketan pausoak ematen jarraitzeko urtarriletik aurrera.
Amaitzeko, Indarkeria Matxistaren aurkako eguna dela eta, udalak han-hemen antolatuko diren ekitaldietan parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak, emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztien aurrean gaitzespena modu aktiboan adierazteko.
Era berean, herritarrei dei egiten die, bihar, azaroak 25, martitzena, Indarkeria Matxisten aurkako nazioarteko egunean, Plaza Barrixan 19:00etan egingo den elkarretaratzearekin bat egin dezaten.
