"Mi parto robado" liburuaren aurkezpena egingo da datorren eguaztenean, azaroak 26, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren baitan

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2025eko azaroaren 23a

Datorren eguaztenean, azaroaren 26an, "Mi parto robado" liburua aurkeztuko du Nahia Alkorta Elezgarai gurasotasunean aholkulariak, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren bueltan antolatutako programazioaren baitan.

Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko da bihar, azaroak 25, martitzena, aldarrikapen eta ekintza artean, eta Soraluzeko Udaleko hainbat departamentuk egitarau oparoa antolatu dute elkarlanean. Gaur, astelehena, hasiko dira egitarauaren baitako ekintzak Hemen bai, borroka egiten da dokumentala eta solasaldiarekin; arratsaldeko 18:00etan, kulturguneko erakusketa-aretoan. Ondoren, bihar, martitzena, azaroak 25, elkarretaratzea egingo da arratsaldeko 19:00etan Plaza Barrixan.

Hurrengo hitzordua, berriz, eguaztenean izango da, azaroaren 26an, arratsaldeko 18:30ean Kalebarren 8n; bertan, Nahia Alkorta Elezgarai gurasotasunean aholkulariak Mi parto robado saiakera aurkeztuko du. Esperientzia pertsonal bat abiapuntutzat hartuta, indarkeria obstetrikoaren gaia mahaigaineratzen duen liburua da, hain zuzen ere.

Indarkeria obstetrikoari aurrez aurre begira

Nahia Alkorta indarkeria obstetrikoaren biktima izan zen. Trauma osteko estresak eragindako nahasmendua izan zuen. Demanda bat aurkeztu zuen, eta instantzia judizial guztietatik igaro zen, entzuna izan gabe, erantzunik jaso barik. Baina NBEko Emakumearen Aurkako Diskriminazioa Ezabatzeko Batzordeak arrazoia eman zion eta indarkeria obstetrikoa desagerrarazteko neurriak hartzeko eskatu zion Espainiari.

Lehen pertsonan idatzitako kontakizun gordin eta hunkigarria ondu du Nahia Alkortak gaizki atera zen erditze bati buruz; filmetakoa dirudien ibilbide judizial baten errelatoa eta erditze duin baterako eskubidearen aldarrikapen irmoa.

Eguna: azaroak 26, eguaztena
Ordua: 18:30
Lekua: Kalebarren 8
Hizkuntza: euskaraz

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.