Blues Hotsak jaialdia antolatu du zazpigarren urtez jarraian Errabal Kultur Elkarteak jazza, bluesa eta musika beltza ezagutarazteko helburuarekin. Programatutako ekintza ugarien artean daude domekarako antolatutako bi ekintzak: kontzertu gastronomikoak eta Quinn DeVeaux musikari estatubatuarraren kontzertua.
Kontzertu gastronomikoak
Iazko jaialdiko berritasuna izan ziren kontzertu gastronomikoak: herriguneko tabernetan blues musika oinarri zuten pintxoak dastatu ahal izan zituzten dozenaka pertsonak, kontzertuez gozatu bitartean. Ekintza oso arrakastatsua izan zenez gero, aurten ere formatu bera errepikatuko da Joan Pau Cumellas & Tófol Martinezen, Susan Santosen eta Maria Carbonell Blues Mooden kontzertuekin.
- Joan Pau Cumellas & Tófol Martinez
Kataluniako bluesaren eszenako bi musikari handiz osatutako bikotea da Cumellas eta Martinezek osatutakoa, bi erreferente beren instrumentuetan, harmonika eta gitarran. Askotariko ekoizpen musikalak lantzen dituzte bluesaren eremuan, baina baita jazza, rocka edo countrya bezalako estiloetan ere.
-
- Ordua: 12:00
- Lekua: Etxaburueta kalea
- Susan Santos
Musikarekiko grinak eraman zuen Susan Santos kantua eta gitarra bere kasa ikastera. Abesle eta gitarrajole ezkerti honek rock, blues, country eta amerikar sustraiko beste musika batzuk uztartuz, abesti propioak eta musika ulertzeko estilo originala lortu du.
-
- Ordua: 13:00
- Lekua: Santa Ana kalea
- Maria Carbonell Blues Mood
Maria Carbonell Blues Mood taldeak dagoeneko publikoa liluratu du blues, R&B eta jazz estiloen fusio hunkigarriarekin. Ahots adierazkorra buru duela entzulearekin konektatzen duten emanaldi dinamiko eta zirraragarriak eskaintzen ditu taldeak.
-
- Ordua: 14:00
- Lekua: Plaza Zaharra
Quinn DeVeaux
Quinn DeVeaux musikari afroamerikarrak amona jazz kantari ohiarekin igaro zuen haurtzaroa; amak 80ko hamarkadako R&Ba maite zuen, eta aitak rock klasikoa. Musika estilo guzti horietatik edan zuen ume garaian, eta artean nerabe zela, mendebaldera abiatu zen gitarra batekin eta bere ahots pribilegiatuarekin.
Bere pasio musikalaren bazter guztiak arakatu zituzten hainbat taldetan jo ondoren, Quinn DeVeauxek Blue Beat Review sortu zuen. Kritikak hainbat disko txalotu dizkio, Quinnen idazkera eta emanaldi harrigarri eta trebeengatik.
Sarrerak Iratxo goxotegian edo online eskura daitezke, esteka honetan: Quinn DeVeaux