Gabolatseko zubi berria ipintzeko lanak aprobetxatuz, ingurak ere txukuntzen ari da Soraluzeko Udala: landaketak egin dira SAPAko barruko harmailan zein ibai aldean eta SAPA eta Baltegieta 22 bitarteko galtzada-harri birjartzen dihardu.
Lanen eragina
SAPA eta Baltegieta 22 bitarteko galtzada-harria birjartzeko lanak direla-eta, datorren astelehenetik aurrera, azaroak 24, ezingo da Baltegieta 18 eta 24ko garaje pribaturik erabili, gutxienez, bi astez. Lanok erangigo dituzten eragozpenez jakitun, SAPAko aterpea aparkaleku gisa egokituko da eta erabilgarri egongo da zapatutik aurrera, azaroak 22.
Horretaz gain, Gabolatseko zubia ere ibilgailuentzako itxita egongo da egun batzuetan datorren astelehenetik aurrera, azaroak 24. Gipuzkoako Urak Kontsortzioak baimendu bezain laster zabalduko da berriz ere ibilgailuentzako pasoa; oinezkoak, berriz, igaro ahal izango dira Gabolatseko zubitik. Halaber, lanek iraun bitartean, SAPAko aterpetik igarobidea izango dute oinezkoek.
Neurri hauek aldatzen diren heinean jakinaraziko zaie herritarrei udalaren ohiko komunikazio kanalen bidez.
Udala herritarrekin eskertuta
Soraluzeko Udalak bere esker ona azaldu nahi die herritarrei herriko hainbat puntutan egiten ari diren lanek azken hilabeteotan sortutako traba eta eraginen aurrean erakutsitako jarrera ulerkorragatik.