Helduentzako harmonika ikastaroa eta herriko zein kanpoko musikarien kontzertu ugari zapatuan, "Blues Hotsak" jaialdiaren baitan

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2025eko azaroaren 19a

BluesHotsak
"Blues Hotsak", musika beltzaren jaialdiak asteburu osorako programazio oparoa dakar aurten ere; zapatuan, azaroaren 22an, helduentzako harmonika ikastaroa eta kontzertu ugari eskainiko dira: Musika Eskolako konboak, Mississippi Queen & The Wet Dogs, Anari, Carmen Paris eta Iker Piris & Dual Electras.

Blues Hotsak jaialdia antolatu du zazpigarren urtez jarraian Errabal Kultur Elkarteak jazza, bluesa eta musika beltza ezagutarazteko helburuarekin. Programatutako ekintza ugarien artean daude zapaturako dozena erdi jarduerak: helduentzako harmonika ikastaroa, Musika Eskolako konboak, Mississippi Queen & The Wet Dogs, Anari, Carmen Paris eta Iker Piris & Dual Electras + Jam Session.

Herriko musikariek, gertukoek eta urrunagotik etorritakoek, guztiek izango dute lekua Blues Hotsaken azken edizioan.

Harmonika tailerra

Joan Pau Cumellas harmonika-jole katalanak maila guztientzako irekia izango den helduentzako tailerra eskainiko du zapatuan, azaroaren 22an, goiz eta arratsaldez. Bluesetik abiatuta, melodiak, inprobisazioa eta interpretazioa hobetzeko teknikak ikasiko dituzte parte-hartzaileek. Hori guztia ikuspegi praktiko batekin, aldez aurreko ezagutzarik izan beharrik gabe eta jaialdiko jam sessionean parte hartzeko aukerarekin. Ikasten, jotzen eta harmonikaren grina konpartitzen gozatzeko hitzordua izango da zapatukoa.

Harmonika muga harrigarrietara eramaten duen musikaria da Cumellas. Bluesa, jazza edo bluegrassa bezalako estiloak konbinatzeko gai da teknika paregabearekin eta harmonika metodoak sortzeak, eskoletarako kontzertu didaktikoak zein jaialdietarako tailerrak eta mundu osoko ikasleentzako ikastaroak emateak prestigio handia eman diote.

Eguna: azaroak 22, zapatua
Ordua: 10:00 - 13:00 eta 16:00 - 18:00
Lekua: Kalebarren 8

Mississippi Queen & The Wet Dogs

Ines Eleuteria eta Aitor Zorriketa musikariek osatutako banda da Mississippi Queen & The Wet Dogs: soul,  R & B, funk, gospel, blues, rock, folk eta country doinuak nahasten dituen talde bilbotarra. 2024an itzuli da berriz ere oholtza gainera taldea, etenaldi baten ostean, Phoenix izeneko lana aurkeztera.

Zapatuan oraingo eta lehengo doinuez osatutako emanaldia eskainiko dute.

Eguna: azaroak 22, zapatua
Ordua: 13:30
Lekua: Zubi Nagusian

Anari

Anari euskal musika panormako ahots pertsonal eta garrantzitsuenetako bat dugu, kasik hiru hamarkadako musika ibilbidea daramana. Erraietatik sortzen duen musika estilo paregabeak rocka eta folka uztartzen ditu, eta etengabe berritzen eta soinuak esploratzen dihardu. Letrei dagoniekez, berriz, sakonak, ilunak, poetikoak eta gordinak dira, musika bezalaze. 

Giza zarata estudioko azken lan luzea aurkeztuko du zapatuan, bere bandarekin batera.

Sarrerak Iratxo goxotegian edo online eskura daitezke, esteka honetan: Anari

Eguna: azaroak 22, zapatua
Ordua: 17:00
Lekua: Herri Antzokian

Carmen Paris

Carmen Paris musikari eta konpositore kataluniarrak Aragoiko jota berritu eta folklorea berrasmatu ditu, Mediterraneo inguruko, afrikako eta amerikako erritmo eta melodiekin maisuki nahastuz. Bere ibilbide musikalaren hasiera-hasieratik erakarri zuen kritikarien eta ikus-entzuleen arreta, 2002an lehen diskoa argitaratu zuenetik. Hainbat musika estilo aurreiritzirik gabe batzean datza bere talentua, besteak beste, habanera, chotis, ranchera, chachacha, eta Brasilgo zein Kubako folklorearen erritmoak.

Paris al piano ikuskizuna eskainiko du zapatuan.

Sarrerak Iratxo goxotegian edo online eskura daitezke, esteka honetan: Carmen Paris

Eguna: azaroak 22, zapatua
Ordua: 20:00
Lekua: Herri Antzokian

Iker Piris & Dual Electras + Jam Session

Piris abeslari eta gitarrista aditua da, eta Iker Piris & his Dual Electras blues konboko liderra izateagatik da ezaguna. 

Taldeak bere errepertorioa erakutsi ondoren Jam Sessiona zuzenduko du eta bertan, asteburuan joko duten musikariek parte hartuko dute, baita harmonika ikastaroko parte-hartzaileek ere.

Eguna: azaroak 22, zapatua
Ordua: 22:30
Lekua: Gaztetxean

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.