Gaztetxoentzako harmonika ikastaroa eta Ina Forsmanen kontzertuarekin hasiko da musika beltzaren asteburua, "Blues Hotsak" jaialdian

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2025eko azaroaren 18a

"Blues Hotsak", musika beltzaren jaialdiak asteburu osorako programazio oparoa dakar aurten ere; barixakuan, azaroaren 21ean, gaztetxoentzako harmonika ikastaroa eta Ina Forsmanen kontzertua eskainiko dira.

Blues Hotsak jaialdia antolatu du zazpigarren urtez jarraian Errabal Kultur Elkarteak jazza, bluesa eta musika beltza ezagutarazteko helburuarekin. Programatutako ekintza ugarien artean daude barixakurako antolatutako bi ekintzak: gaztetxoentzako harmonika ikastaroa eta Ina Forsman musikari finlandiarraren kontzertua.

Harmonika tailerra

Joan Pau Cumellas harmonika-jole katalanak hamar urtetik gorako gaztetxoentzako tailerra eskainiko du barixakuan, azaroaren 21ean. Tailer honek harmonika diatonikoarekin lehen urratsak ematera gonbidatzen ditu gazteenak. Instrumentu intuitiboa denez, hasiera-hasieratik musika egiteko aukera ematen du. Modu praktiko eta dibertigarrian, blues, folk eta beste estilo batzuetako erritmoak eta doinuak jotzen ikasiko dute parte-hartzaileek.

Harmonika muga harrigarrietara eramaten duen musikaria da Cumellas. Bluesa, jazza edo bluegrassa bezalako estiloak konbinatzeko gai da teknika paregabearekin eta harmonika metodoak sortzeak, eskoletarako kontzertu didaktikoak zein jaialdietarako tailerrak eta mundu osoko ikasleentzako ikastaroak emateak prestigio handia eman diote.

Eguna: azaroak 21, barixakua
Ordua: 17:00 - 19:00
Lekua: Gaztelekua

Ina Forsman

Ina Forsman jatorri finlandiarreko musikaria da, karisma handiko frontwoman enigmatikoa. Barixakuan kontzertua eskainiko du blues, funk, soul, gospel eta gumbo doinuak nahastuz oholtzan.

Sarrerak Iratxo goxotegian edo online eskura daitezke, esteka honetan: Ina Forsman

Eguna: azaroak 21, barixakua
Ordua: 20:00
Lekua: Herri Antzokia

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.