"Blues Hotsak", musika beltza oinarri duen jaialdiaren VII. edizioa abiatu da dagoeneko; asteburuan egingo dira ekintza gehienak

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2025eko azaroaren 17a

Musika beltzak hartuko ditu Soraluzeko txokoak aste honetan, azaroaren 16tik 23ra bitarte, "Blues Hotsak" jaialdiaren VII. edizioan.

Blues Hotsak izeneko jaialdia antolatu du zazpigarren urtez jarraian Errabal Kultur Elkarteak, jazaa, bluesa eta musika beltza, orokorrean, ezagutarazteko helburuarekin. Joan den domekatik datorren domekara, bluesaren bueltako hainbat jarduera antolatu dira: musika emanaldiak, dolemenen ibilbidera bisita, solasaldi literarioa, filma, harmonika ikastaroak eta kontzertu gastronomikoak.

Errabal Kultur Elkarteak herriko kultur eragileen saretze handia egin du aurten ere Blues Hotsak jaialdiaren antolakuntzan, eta hori du oinarri egitarauak.

Proposamen ugari eta denetarikoak izango dira, asko doakoak, gainera. Errabal Kultur Elkarteak nabarmendu nahi du ekintzen doakotasuna, blues, jazz eta horrelako musika beltzak herritar guztiegana irits daitezen bermatzen baitu.

Zaintza-zerbitzua

Iaz bezalaxe, aurten ere haurrentzako zaintza-zerbitzua eskainiko da kontzertuek iraun bitartean. Ikusleek seme-alabak bertan uzteko aukera izango dute, hezitzaile-talde baten zaintzapean. Horretarako aurrez izena eman behar da, azaroaren 19a baino lehen, 639750781 telefono zenbakian.

Nobedadeak eta errepikatzen diren ekimenak

Aurtengo berritasunen artean nabarmentzekoa da gaztetxo zein helduentzako antolatutako harmonika ikastaroak. Joan Pau Cumellas harmonika jole azpimarragarri eta musikariak tailer bana eskainiko du barixakuan eta zapatuan gaztetxo zein helduentzat: harmonika diatonikoan lehen urratsak eman eta instrumentu intuitiboa izaki, hasieratik musika egiteko aukera emango du.

Kontzertu gastronomikoak ere itzuliko dira aurten, iaz izandako arrakasta errepikatu asmoz: herriguneko tabernetan blues musika oinarri duten pintxoak dastatu ahal izango dira, kontzertuez gozatu bitartean. Blues Hotsak jaialdiaren antolakuntzak herriko tabernen inplikazioa nabarmendu eta eskertu nahi du blues musikan oinarritutako pintxo proposamenak sortzeko ahalegina egiteagatik.

2024an egin zen moduan, Baso Biziak elkartearekin ere lankidetza uztartu da; izan ere, sarrera eskuratu beharreko ekintzetan, Herri Antzokiko kontzertuetan, hain zuzen ere,  saldutako sarrera bakoitzaren ehuneko bat zuhaitzak landatzeko erabiliko da. Gainera, joan den domekako hitzorduan zuhaitzak landatzeko tartea ere izan zen, Topinburun.

Halaber, Kontrargi argazkilaritza taldearekin ere elkarlanean antolatu da urteroko Argazki Rally Fotografikoa, XXXVI. edizioa. Domekan egingo da, erdigunean, musika beltzak girotuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.