“Hemen bai, borroka egiten da” ikus-entzunezko proiekzioa Soraluzera iritsi da; azaroaren 24an dokumentala eta solasaldia

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2025eko azaroaren 17a

El Salvadorreko emakumeen aktibismo feministaren errealitatea ezagutzeko aukera izango da datorren astelehenean, azaroaren 24an, Kulturguneko erakusketa aretoan: dokumentala eta solasaldia eskainiko dira 18:00etatik aurrera.

Soraluzeko Udalak, Euskal Fondoarekin eta Toki Garapenerako Kolektiba Feministarekin (El Salvador) lankidetzan, Aquí sí se hace lucha/Hemen bai, borroka egiten da ikus-entzunezko proiekzioa hartuko du, izen bereko nazioarteko kanpainaren barruan. Emanaldia datorren astelehenean izango da, azaroaren 24an, arratsaldeko 18:00etan Kulturguneko erakusketa aretoan eta Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren baitan kokatzen da.

Dokumentala eta solasaldia

Jardueraren baitan, IKAIKA Media S.L.k egindako 35 minutuko ikus-entzunezko pieza bat proiektatuko da, non aktibismo feministak El Salvadorren eraldaketa sozialean duen zereginari buruzko testigantzak bilduko diren, bai eta Euskal Fondoaren eta Tokiko Garapenerako Kolektibo Feministaren arteko lankidetza testuinguruan kokatzen duen sarrerako bideo bat ere.

Bideoak salaketa, memoria eta errebindikazioa uztartzen ditu, giza eskubideen eta genero-berdintasunaren aldeko borrokaren errealitateak ikuspegi feministatik publikoari hurbilduz. Proiekzioaren ondoren, mahai-ingurua eta elkarrizketa gune bat irekiko da publikoarekin.

Ekimena Euskal Fondoak bultzatutako #AquíSíSeHaceLucha kanpainaren parte da, euskal udalerriek nazioarteko lankidetzaren eta giza eskubideen arloan duten konpromisoa ikusarazteko.

Eguna: azaroak 24, astelehena
Ordua: 18:00 
Lekua: Kulturguneko erakusketa aretoa

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.