Euskarazko irakurle taldeak saio irekia egingo du gaur, astelehena, azaroak 17, Kalebarren 8n, Oihane Amantegi idazle zornotzarraren lehen eleberria, Ibaiertzeko ipuina (Elkar, 2020), hizpide hartuta. Amantegi bera izango da saioan hizlari, eta Ainhoa Aldazabalek gidatuko du tertulia.
Irakurle Taldearen funtzionamendu egokia bermatzeko, udal liburutegia itxita egongo da eta haren zerbitzuak etenda, arratsaldeko 18:30etatik aurrera. Liburuak itzuli nahi izanez gero, Ludotekako atearen ondoan dagoen buzoia erabil daiteke; bestelako zerbitzurik, ordea, ez da emango.
Blues Hotsak jaialdiaren baitako saioa
Asteon musika beltzez beteko dira Soraluzeko txokoak Blues Hotsak jaialdia dela eta; irakurle taldearen saioa ere musika jaialdiaren antolatzaileekin elkarlanean programatu du aurten udal liburutegiak. Izan ere, musika protagonista da Ibaiertzeko ipuina eleberrian.
Saio irekia izango da gaurkoa eta antolatzaileek soraluzetarrak animatu nahi dituzte bertan parte hartu eta euskarazko irakurle taldea bertatik bertara ezagutzera.
Sinopsia
Ibai bat, Amerikako Estatu Batuetako hegoaldeko bazter galdu batean, zehazten ez den garai ia mitiko batean. Horra eleberri labur bezain hipnotiko honen kokalekua. Eta ibaiaren ertzetan bizi den jendea: eztia biltzen duten nekazari zuri pobreak, ibaian bainatzen diren andre beltz mardulak, eta mundua bere magia guztian deskubritzen duen haurraren begiak, bizitzari nahiz heriotzari begira. Estreinaldi ausarta egin du Oihane Amantegik literaturaren munduan: estilo pertsonal bat onduz, idazkera dotorean, kontakizun original bezain indartsua lortzeko. Urrunean entzuten den hegoalde sakoneko harmonika-doinu bat bezain liluragarri eta malenkoniatsua.
