"Kaixo, Frida!" filmaren proiekzioarekin hasiko da aurtengo "Zinema euskaraz" zikloa domeka honetan, azaroaren 16an

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2025eko azaroaren 12a

"Kaixo, Frida!" filma ikusi ahal izango da domekan, arratsaldeko 17:00etan, Aisialdia Elkarrekin lan-taldeak antolatzen duten "Zinema euskaraz" zikloaren baitan.

Aisialdia Elkarrekin lan-taldeak berritasunekin datorren euskarazko zinema zikloa antolatu du; udazken-negu denboraldian, domeketan, sei film ikusi ahal izango dira Herri Antzokian: animaziozko hiru eta formatu errealeko beste hiru.

Domeka honetan, azaroaren 16an, emango zaio hasiera zinema zikloari: arratsaldeko 17:00etan Kaixo, Frida! filma ikusi ahal izango da Herri Antzokian.

Berritasun ugari

Aurtengo euskarazko zinema zikloko lehen berritasuna antolatzaile taldetik bertatik hasten da; izan ere, aurreko urteetan zinema zikloa Atxolin guraso elkarteak eta Udaleko Kultura Sailak antolatu duen arren, aurten Aisialdia Elkarrekin lan-taldeak hartu du horren ardura, horrela partaideak gehituz: Keixeta guraso elkartea eta Pil-Pilean Euskaltzaleen Elkartea.

Horrez gain, aurtengo zinema zikloaren erronka gaztetxo eta gazteentzako eskaintza ere gehitzea izan da. Hori horrela, haurrentzako animaziozko hiru film programatu dira eta beste hiru, berriz, publiko gazteagoarentzako formatu errealeko pelikulak.

Nabarmentzeko moduko berritasunen artean dago, gainera, aurten zinemarako sarrera doakoa izango dela ikusle guztientzat; izan ere, antolatzaileek ez dute nahi dirua traba izaterik euskarazko zinemaz gozatu ahal izateko.

Antolaketari dagokionez, lan-taldeak gogorarazi nahi die parte-hartzaileek Lehen Hezkutzako 2. mailatik beherako neska-mutikoek pertsona heldu batek lagunduta joan beharko dutela zinema aretora.

Sinopsia eta fitxa teknikoa

Frida Kahlo neskato bakarti eta grinatsuaren istorioa da hau. Coyoacán koloretsu eta zirraragarrian hazi da, Mexikon, eta bere jakingurak ez du mugarik. Inguruan duen guztian aurkitzen du inspirazioa; naturan edo artean, adibidez. Bizitzak zailtasunak dakarzkionean, Fridak irudimen ikaragarriarekin egiten die aurre, eta mina sormen bihurtzen du.

Zuzendaria: Karine Vézina, André Kadi
Herrialdea: Kanada
Urtea: 2024
Iraupena: 82 min.
Gomendatutako adina: adin guztietarako
 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.