Liburutegien Eguna datorren barixakuan, urriaren 24an egingo da, eta Soraluzeko Udal Liburutegiak ekintza ugari antolatu ditu ospakizunera batzeko. Joan den astelehenean hasi zen ikasturte honetako Irakurketa Erronka eta gaur goizean, urriak 22, Plaentxi Herri Ikastetxeko 5. mailako ikasleak liburutegian izan dira Poropopoesia tailerrean akrostikoak, haikuak eta poema dadaistak idazten.
Hurrengo hitzordua datorren astelehenean izango da, urriak 27, arratsaldeko 18:30ean Kalebarren 8n; bertan, Mikel Guerendiain idazle nafarrak Mauro bere lehen eleberria aurkeztuko du, Ezkaba mendiko San Kristobal kartzelako presoen 1938ko ihesari buruzkoa. Liburutegien Eguneko ekintzekin amaitzeko, Soraluzeko Bildumaren aurkezpena eta omenaldia egingo dira urriaren 31n.
Ezkaba mendiko ihesa nobela bihurtuta
Mauro, Mikel Guerendiainen lehen eleberria, Europako kartzela ihesaldirik handienetakotzat jotzen den gertaerak inspiratu zuen. 1938ko maiatzaren 22an, zortziehun preso inguruk ihes egin zuten Iruñea kanpoaldeko San Kristobal penaletik, garai hartan kartzela frankista bihurtua baitzen. Inork ez zuen odol deliturik. Horietako asko hil edo atxilotu egin zituzten ihesaldiaren ondorengo orduetan, baina beste batzuek mendira ihes egitea lortu zuten, Frantziako mugara oinez iristeko asmoz.
Egunetan zehar, Nafarroa iparraldeko mendietan ehizaldi bat izan zen, eta bertan, iheslariak eta haien jazarleak ez ezik, batzuen eta besteen presentziak bizitza aldatu zien mugako herri horietako biztanleak ere bildu ziren.
Bizitza horiek dira, hain zuzen ere, eleberriari forma ematen diotenak. Maurok pertsonaia ahaztezinak aurkezten dizkigu, ondo ehunduta, lotura-puntu sotil baina sendoak dituen amaraun baten antzera. Pertsonaia horiek dira eleberriaren ahots narratiboa tartekatzen dutenak eta, kapituluz kapitulu, beren historiaren, pozen, oinazeen edo itxaropenen konplize egiten gaituztenak.