Zarautzen (Gipuzkoa) 53 urteko emakume bat hil zuten eguaztenean, eta hilketa honekin lotuta 47 urteko gizonezkoa atxilotu dute, giza hilketaren delitua egotzita. Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…), emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.
2003tik hona 130 emakume eta 12 adingabe baino gehiago hil ditu indarkeria matxistak Euskal Herrian eta horrek adierazten du ez dela ekintza isolatu bat, arazo estruktural bat baizik. Eta beraz, Soraluzeko Udalak bere gaitzespenik gogorrena erakusten du Zarauzko emakumearen hilketaren aurrean.
Soraluzeko Udalak gogorarazi nahi du heriotzek emakumeen aurkako indarkeriaren arazoaren zati bat baino erakusten ez dutela eta horren jatorria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean dagoela. Nabarmendu nahi du ere arazo hau ez dela emakumeena bakarrik, gizarte osoarena baizik eta horregatik, dei egiten dio gizarteari berdintasuna lortzeko borrokan elkarrekin ekitera.
Bukatzeko, Soraluzeko Udalak biktimaren senide eta lagunekiko elkartasuna azaldu nahi du, eta irmotasunez adierazten du lanean jarraituko duela berari dagokion eremuetan emakumeen eta haurren aurkako indarkeriarekin bukatzeko erantzukizunarekin. Hori dela eta, herritarrei dei egiten die, gaur barixakua, urriaren 17a, 19:00etan Plaza Barrixan egingo den kontzentrazioan parte hartzera.
Indarkeria matxista pairatzen ari bazara edo zure inguruko norbait egoera horretan badago, hona hemen laguntzarako kontaktuak:
- Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeak artatzeko telefonoa (EJ): 900840111 (24 ordu/51 hizkuntza)
- Emakumeenganako indarkeria mota guztietako arreta zerbitzua: 016
- Udaltzaingoa: 943753024
- Ertzaintza Bergara: 943534720
- Larrialdiak: 112
- Soraluzeko Gizarte Zerbitzuak: 943750056
- Soraluzeko Berdintasun saila: berdintasuna@soraluze.eus