Gabolatseko zubi berria ipintzeko lanak aprobetxatuz, ingurak ere txukuntzen dihardu Soraluzeko Udalak: landaketak egingo dira SAPAko barruko harmailan zein ibai aldean eta SAPA eta Baltegieta 22 bitarteko galtzada-harri birjarriko da.
Galtzada-harria birjartzeko lanez Construcciones Echaide enpresa arduratuko da, eta 86.219,07€ gehi BEZ izango da horri dagokion aurrekontua. Datorren martitzenean, urriaren 21ean, hain zuzen ere, hasiko dira, eta sei asteko iraupena izatea aurreikusten da.
Lanok, ezinbestean, aldaketak ekarriko ditu kaleko aparkaleku publikotan, garaje pribatuetan eta trafikoan. Soraluzeko Hirigintza Departamentuak ondorengo neurriak hartu ditu.
Lanen eragina
Datorren martitzenetik aurrera, urriak 21, Baltegieta 18 eta 24ko garaje pribatuetara sartu-irtenak egiteko, Gabolatseko zubia egokituko da bi noranzkotan. Erdigunea oinezkoentzako bakarrik denean, astegunetan 15:00retatik aurrera eta asteburutan 13:00etatik aurrera, Ezozibideko biribilgunerantz irten beharko dira ibilgailuak. Bestela, Gabolatsetik erdigunea zeharkatu behrako dute.
Udala herritarrekin eskertuta
Soraluzeko Udalak bere esker ona azaldu nahi die herritarrei herriko hainbat puntutan egiten ari diren lanek azken hilabeteotan sortutako traba eta eraginen aurrean erakutsitako jarrera ulerkorragatik.