Arane Udal Kiroldegiak ikasturteko eskaintza areagotu du: garuneko gimnasia tailerra eskainiko du urriko lau egunetan eta "Gazte fit" ikastaroa jarriko du martxan urritik ekainera bitarte. 60 urtetik gorako pertsonei zuzendutako tailerra da lehena eta DBHko nerabeei zuzendutako ikasturte guztiko ikastaroa bigarrena.
Garuneko gimnasia
Arane Udal Kiroldegiak Athlonekin eta Adindurekin elkarlanean garuneko gimnasia tailerra antolatu du 60 urtetik gorako pertsonentzako. Tailerraren helburuak honakoak dira: jarduerak egiteko kontzentrazioa erraztea, sare neuronalen funtzionamendua handitzea eta indartzea, garuneko hemisferio biak estimulatzea, mugimendu-trebetasunak lantzea, aldartea eta umore ona hobetzea eta garunaren zahartzea atzeratzea.
Izen-ematea doakoa da eta dagoeneko zabalik dago; kiroldegiko harreran egin behar da gaurtik, irailaren 15etik, irailaren 23ra arte.
Ate irekiak Gazte fit ikastaroan
Gazteen nahi eta beharretara egokitzen den ikastaroa da Gazte fit. Taldearen ezaugarrien arabera ariketa bat edo beste programatuko da, kiroldegian eskaintzen diren jarduera gehienak probatuz, horrela. Helburu nagusia modu dibertigarrian eta gazte giroan parte-hartzaileen osasuna hobetzea da.
Urritik ekainera bitarte eskainiko da ikastaroa, taldea osatzen bada. Izena ematera animatzeko, ate irekien saioak egingo dira datorren astean.
