Soraluzeko Udal Liburutegiak ohiko martxa eta ordutegia berreskuratuko du datorren astelehenetik aurrera, irailaren 15a, hain zuzen ere, uda-sasoiko etenaldiaren eta ordutegi murriztuaren ostean. Aurrerantzean, beraz, astelehenetik barixakura goiz eta arratsaldez zabalduko du, ondorengo ordutegian:
Astelehenetik eguenera: 11:00 - 13:00 eta 16:30 - 19:30
Barixakutan: 11:00 - 13:00 eta 16:00 - 18:00
Iraila ekintzaz beteta
Ikasturteari hasiera emateko, kultur jarduera eskaintza oparoa antolatu du udal liburutegiak, adin guztietarako ekimenekin.
Saroa Bikandiren eskutik, Azalerako ipuinak saioak estreinatuko du ikasturte berria, 0-3 urte arteko haurrek haien senideekin gozatzeko bereziki prestatutako hitzordua izango da. Ahozkotasunaren eta azalaren arteko harremanaz jabetuko dira parte-hartzaileak, ukimena uztartzeko ipuin, poema, hitz-joko eta kantuekin.
Plaza mugatuak izango dira, beraz, gonbidapena eskuratu beharko da liburutegian bertan edo bibe.me atarian.
Munduko Ipuinen Eguna egingo da berriz iraileko azken zapatuan, 27an, eta hainbat txokotako ipuin, istorio eta kontuek Soraluzeko kaleak hartuko dituzte, atzera ere. Ipuin-kontaketez gain, liburu azoka eta liburutegi txokoa ere izango dira goiz partean. Datozen egunetan emango da egitarauaren berri.
Iraileko azken hitzordua Euskarazko Irakurle Taldearen saioa izango da, irailaren 29an, astelehena. Taldea bi hilabetean behin elkartzen da, irailetik maiatzera bitarte, aldiko liburu ezberdin bat lantzeko Ainhoa Aldazabal eibartarrak gidatuta; guztira, euskaraz idatzitako zein euskarara itzulitako bost liburu irakurtzen dira. Ikasturtean birritan, gainera, aukeratutako liburuaren idazlea ere gonbidatzen dute saioetara.
2024-2025 ikasturteko gogobetetze inkestaren emaitzak
Joan den ikasturte amaieran, 2024-2025 ekitaldian zehar emandako zerbitzua eta antolatutako ekintzen balorazioa egin zuen Udal Liburutegiak, hasi berri den ikasturtera begira hobetu beharrekoak kontuan hartzeko. Aurrez aurre zein online, hainbat erabiltzailek iritzia eman zuen ekainean, eta emaitzak kaleratu ditu orain liburutegiak.
Inkesta bete zuten erabiltzaileen artean liburu-sorta zozketatu da, eta Maria Jesus Aramburu Aseginolaza suertatu da sariduna.