"Bidasoa 2018-2023" dokumentalaren proiekzioa barixaku honetan, udako zinema zikloaren baitan

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2025ko ira. 9a, 00:00

"Bidasoa 2018-2023" dokumentala ikusi ahal izango da barixakuan, iluntzeko 21:30ean, Udaleko Kultura Batzordeak antolatutako udako aire libreko zinema zikloaren baitan.

Udako aire libreko zinema zikloa antolatu du aurten Udaleko Kultura Batzordeak, uda amaierako eta udazken hasierako barixakuetan zinemaz gozatu ahal izateko herrian bertan. Emankizunak Plaza Zaharrean izango dira eguraldi ona eginez gero; euria bada, ostera, frontoi zaharrean egingo da proiekzioa.

Barixaku honetan, irailaren 12an, iluntzeko 21:30ean, estreinatuko da zinema zikloa, eta Bidasoa 2018-2023 dokumentala izango da ikusgai.

Sinopsia eta fitxa teknikoa

2018ko udan Frantziak ezarri zituen Pirinio-Atlantikoko Bidasoako muga naturalaren pasagune batzuen kontrola eta itxierak, Europako gainontzeko herrialdeetara igarotzeko etorkinen sarrera eragozteko, 10 hildako eragin zituen urtebetean. Zazpi pertsona hil dira 2021eko apiriletik Irun eta Hendaia arteko Bidasoa ibaiko uretan itota, eta beste hiruk bizia galdu zuten 2021eko urrian, Ziburun tren batek harrapatuta.

Dokumental honek, ibaiaren bi aldeetako hainbat ekintzaileri ahotsa eta aurpegia emateaz gain, Harrera Sarea eta Bidasoa Etorkinekin elkarteetako ordezkariak, bizia galdu dutenak ere gogoan izango ditu; izena, adina, bidaia eta ametsak, hildako kopuru hotzen atzean dagoen istorioa eta pertsonak ezagutuz, modu honetan tragedia gizatiartuz.

Zuzendaria: Fermin Muguruza

Herrialdea: Euskal Herria

Urtea: 2023

Iraupena: 70 min.

Hizkuntza: Euskara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.