Andramarixak badatoz, 3 egunetako egitarauarekin osatuta

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2025ko abu. 8a, 15:03

Zezenak uztaileko jaietan. Argazkia: Bittor Murguzur

Abuztuaren 15ean hasi eta abuztuaren 17ra arte iraungo dute Andramari jaiek. Zabalik jarraitzen du abuztuaren 16an, San Roke egunean Udalak antolatzen duen urteroko tortilla lehiaketarako izen-emateak.

 

Abuztuaren 15ean, Andramari Egunean, hasiko dira 3 egunez luzatuko diren jaiak. Eguerdian AIAMA hirukotearen kontzertuarekin abiatuko dira Andramarixak. Jazza oinarri hartuta, musika kubatarrarekin eta boleroekin uztartzen du taldeak. Bateria, kontrabaxua eta pianoa, ahots indartsu batekin batera josiz Plaza Zaharreko bazterrak goxatuko dituzte; euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez kantatuz.  

Abuztuaren 16an, San Roke egunean, berriz, ohiko tortilla lehiaketa nabarmentzen da egitarauan. 12 urtetik aurrerako herritarrei zuzendua egongo da. Lehiaketa goizeko 11:00etan hasiko da eta 12 bikotek hartu ahal izango dute parte. Udaletxean eman beharko da izena plazak amaitu aurretik. Herriko txikienek ere puzgarrietaz gozatzeko aukera izango dute.

Abuztuaren 17an, San Roke Txiki Egunez, zezenak izango dira goizez zein arratsaldez. 

Jai hauetan ere errespetuz gozatzeko deia egiten da Soraluzeko Udaletik, giro ederrez bete dezagun herria beste behin ere.

Hemen egitarau osoa:

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.