Urteroko moduan, uda-sasoiarekin batera ekintza ugari antolatu dituzte Soraluzeko Udalak eta Kukumixo Aisialdi Taldeak elkarlanean herriko haur eta gaztetxoentzako. 3 eta 16 urte artekoentzako eskaintza da eta arrakastatsua da, inondik inora; izan ere, 200 lagunetik gorak parte hartu du edo hartuko du udalekuetan.
Gazte udalekuak San Andresen
Inoizko jendetsuenak izan dira aurtengo gazte udalekuak, 12 eta 16 urte arteko 56 gazte soraluzetarrek parte hartu baitu bertan. Uztailaren 1etik 3ra bitarte, kanpin dendak ipini eta San Andres auzoa hartu dute atseden, jolas eta lotarako leku.
Lau hezitzaile aritu dira parte-hartzaileekin egunez egun eta Kukumixo Aisialdi Taldeko kideak izan dituzte bidelagun, sukalde-lanak eta bestelakoak eginez.
Udalekutan ekintza ugari egiteko aukera izan dute; betiere, balio hezitzaileak oinarri hartuta eta euskararen erabilera sustatuz, giro paregabean. Ohiko jolasez gain, hainbat irteera ere egin dituzte; hala nola, Mutrikula, Landara eta Soraluzeko mendigainera.
Parte-hartzaileek aitortu dutenez, "nekatuta, baina oso pozik" itzuli dira etxera.
Txikienen txanda udaleku irekietan
Atzo astelehena, uztailak 7, hasi ziren Soraluzeko udaleku irekiak 4 eta 12 urte arteko haur eta gaztetxoentzat. HH4tik LH6ra arteko 171 soraluzetarrek parte hartuko du bertan uztailaren 18ra arte, kaleak kolorez, alaitasunez eta jolasez pizten. Bidelagun izango dituzte, gainera, 23 hezitzaile eta bi praktikari.
Herriko kale eta txokoak bilakatuko dituzte jolaserako gune; baita inguruko herriak ere, eguneko irteerak ere egingo dituzte eta:
- Txikienak Aulestira, Elgoibarko igerilekura eta Ezozira joango dira. Ezoziko ireteeraren ostean, eskolan egingo dute lo.
- Gazteenak, berriz, Mutrikura, Elorrioko igerilekura eta San Andresera egingo dituzte irteerak. San Andreseko txangoa biribiltzeko, Urkiazelain igaroko dute gaua.
Gainera, 3 urteko neska-mutikoek haien lehen esperientzia biziko dute udalekutan, Ludoteka inguruan eta kaleetan gozatuko baitute datozen bi asteetan zehar. Txikienek 12ko taldea osatuko dute eta hiru hezitzaile arituko dira haiekin.
Haur eta gazteen parte-hartzea sustatzeko tresnak, lanketa eta erabakiak aintzat hartuta, udalekuetako azken egunean, uztailaren 18an, barixakua, Kale Kolore eguna egingo da.
Udalekutan ere balio hezitzaileak
Balio hezitzaileak oinarri, hauexek izango dira udalekuetan zehar landuko diren helburuak:
- Harreman osasuntsuak eta tratu onean oinarrituak landu eta sustatzea.
- Udalekuetako ekintzen antolaketa eta garapenean haurren parte hartzea bermatzea, haurrei erabakitzeko guneak eta uneak eskainiz.
- Kalea jolasgune bilakatzea eta herriko txoko ezkutuak hobeto ezagutzea.
- Euskararen lanketa kontzientea egitea eta euskararen erabilera sustatzea.
- Naturarekiko harreman osasuntsua lantzea.