Herriko hiru guraso elkarteen ekimenez, Katamarran, Atxolin eta Keixeta, hain zuzen ere, Guraso Eskola iraunkorra antolatuko da datorren ikasturterako. Joan den ikasturtea, 2024-2025 ikasturtea, probakoa izan da; balorazio positiboaren ostean, jarraipena izango du Guraso Eskolak.
Edozein adinetako seme-alabak dituzten gurasoek parte hartu ahal izango dute eta komunikazio ez-bortitzaren printzipioak ikastea izango du xede: seme-alabekin modu sakonagoan konektatzea, gatazkak modu baketsuan eta eraikitzailean konpontzea eta familia-lotura eta -giro harmoniatsuagoa lortzea.
Nerea Mendizabal hezitzaile eta psikopedagogoa, komunikazio ez bortitzean aditua, izango da Guraso Eskola bideratuko duena.
Guraso Eskolaren funtzionamendua
Guraso Eskola urritik ekainera bitarte, bederatzi hilabetez, hilean behin bilduko da bi orduz. Saio bakoitzean gai bat landuko da teorikoki zein praktikoki, eta jarraian, parte-hartzaileek beraiek ekarritako gai eta egoerak aztertzera bideratuko da lanketa. Espazio seguru eta konfidentziala izan nahi du Guraso Eskolak, eta parte-hartzaile bakoitzak erabakiko du zenbateraino inplikatu nahi duen.
Hilabeteko lehen eguaztenean (apirilean izan ezik) bilduko da taldea, arratsaldeko 18:00etatik 20:00tara bitarte. Hauexek izango dira data zehatzak:
- Urriak 1
- Azaroak 5
- Abenduak 3
- Urtarrilak 7
- Otsailak 4
- Martxoak 4
- Martxoak 25
- Maiatzak 5
- Ekainak 3
Izen-ematea eta prezioa
Guraso Eskolako izen-ematea zabalik dago dagoeneko, eta uztailaren 6ra arteko epea izango da horretarako. Izena emateko, ondorengo galdetegia bete behar da: izen-ematea. Ordainketa ere izen-ematearekin batera egin beharko da.
Gehienez ere 15 laguneko taldea osatuko da. Leku baino izen-emate gehiago baldin badaude, izen-emate hurrenkeraren arabera osatuko da taldea, eta gainerako pertsonak itxaron-zerrendan geratuko dira.
Prezioa 50 euro izango Katamarran, Atxolin edo Keixeta guraso elkarteetako kideentzat; gainerakoentzat, ostera, 60 euro.