Ainize Txopitea eta Toni Morantaren erakusketa ekainaren 30era arte ikusgai Oreka Art galerian; ekainaren 26an bisita gidatua eta tailerra egingo da Txopitearen eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala

plaentxia.eus

Maiatzaren 30az geroztik dago ikusgai Ainize Txopitea eta Toni Morantaren erakusketa Oreka Art galeria, eta ekainaren 30era arte egongo da aukera; Txopiteak bisita gidatua eta tailerra eskainiko du ekainaren 26an.

Ainize Txopitea (Donostia, 1977) eta Toni Moranta (Palma, 1963) artistak aspaldiko ezagunak dira, eta elkarrekin aurkeztu zuten pasa den maiatzaren 30ean Dar luz edo Argia eman erakusketa Oreka Art galerian. Morantak urte luzez suarekin egindako lanetatik abiatuta sortu ziren pieza berriak, Txopitearen collagen ekarpenak izan dituztenak.

Suak garrantzia handi du erakusketan, bere inguruan sortu baitziren gizakien arteko lehen hartu-emanak, Morantaren hitzetan. Eta Txopitearen collagetako pertsoanaiak su horren inguruan dabiltza, beroa eta argia bilatuz ariko balira bezala. Artistek aitortu dutenez, bizi ditugun gatazka garaiotan itxaropena, poesia eta poza berreskuratzea dira artearen egitekoa, eta hortan dihardute.

Gainera, garrantzia berezia hartzen du memoria historikoaren lanketak erakusketan; hori dela eta, Soraluzeko artxibo historikotik lortutako argazki bateko pertsona bat ageri da obra batean.

Bisita gidatua eta tailerra

Memoria historikoa sakonago lantzeko parada izango da datorren asterako, ekainaren 26rako antolatu den bisita gidatuaren eta tailerraren bitartez. Ainize Txopitea artista izango da bidelagun bisitan eta ostean, Soraluzeko memoria historikoa oinarri izango duen tailerra egingo da.

Ekintza herritar orori irekia da eta ez da artista izan behar bertan parte hartzeko. Halaber, Soraluzeko Udalak lanketa berezia egiten dihardu jendartEkin taldearekin, Zabaltzen-Sartu kooperatibarekin eta Itxaropena jubilatuen elkartearekin.

Eguna: ekainak 26, eguena

Ordua: 10:00 - 12:00

Lekua: Oreka Art galeria eta Kalebarren 8

Izen-ematea

Bisita gidatuan eta tailerrean parte hartu nahi izanez gero, aurrez izena eman beharko da, plaza mugatuak baitira. Horretarako hiru bide daude:

  • 943753043 telefonora deituta (Andrea).
  • mquintanilla@soraluze.eus helbidera idatzita.
  • Aurrez aurre, udal bulegoetan astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.