Soraluzeko Udalak Herri Hezitzaileen egitasmoa sustatzeko eta herriko Hezkuntza Proiektua eguneratzeko pausuak eman ditu ikasturte honetan zehar. Horretarako, hezkuntzaren arloa modu zabalean lantzeko elkarlanerako marko bat osatu da, hezkuntza komunitateko eragile eta herritarrak protagonista dituena: Hezkuntza Foroa, hain zuzen ere.
Urriaz geroztik hiru saio antolatu dira diagnosi partekatua egin, hezkuntzarako herri estrategia pentsatu eta plangintza partekatua zehazteko. Ostean, talde eragilea sortu da eta jada martxan dago. Bertan parte hartzen dute Plaentxi Herri Ikastetxeak, Soraluze BHIk, Soraluzeko Haurreskolak, Kukumixo aisialdi taldeak, Atxolin eta Keixeta guraso elkarteek eta Udalak.
Talde eragileak funtzio zehatz batzuk ditu eta horien artean daude Soraluzeko lan-taldeen zein Hezkuntza Proiektuaren jarraipena egitea.
Itxiera saioa
Ikasturte amaierako itxiera saioa egiteko bilduko da berriz Hezkuntza Foroa udazkenean egin zen prozesutik aurrera emandako pausuak azaldu eta talde eragileak gaur egun
duen funtzionamendua eta lan-taldeen jarraipena egiteko. Horrekin batera, Hezkuntza Proiektuaren baitan eta Soraluzen dauden egitasmo zein lan-taldeen jarraipena egitea ere bada bileraren helburua.
Bukatzeko, hezkuntza eragileei hitza eman nahi zaie, eragile bakoitzak bere asmoak gainerako kideekin partekatzeko aukera izan dezan.
Eguna: ekainak 25, eguaztena
Ordua: 18:00
Lekua: Herri Antzokia
Bertan parte hartzeko honako galdetegia bete behar da: Hezkuntza Foroan izen-ematea