Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolaren udaberri-udako egitarauak harrera oso ona izan du; izan ere, arrakasta handikoak eta jendetsuak izan dira orain arte antolatutako ekintza guztiak: barreterapia tailerra, sendabelar eta fitoginekologia ikastaroa eta yoga eta emakumea* ikastaroa. Udaberri-udako programazioari ekaina eta uztailean zehar emango zaio bukaera batukada feminista tailerrarekin eta Soraluzeko Emakumeon* Topaketarekin.
Hurrengo ekintza
Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolaren hurrengo ekintza ekainaren 21 eta 22an eta uztailaren 19 eta 20an egingo da eta Nerea Mendia Elgeta soraluzetarrak eskainiko du.
Adin guztietako emakumeei* zuzendutako tailer honetan batukadaren oinarrizko erritmo batzuk ikasiko dituzte parte-hartzaileek, danborren konpasean dantza eta dardara egiteko. Erritmoa, kontzentrazioa, talde-lana, ahalduntzea, dibertsioa... landuko dira, kohesioa eta gizarteratzea ahalbidetzen duen Brasilgo adierazpen kultural honen bidez.
Parte-hartzaile bakoitzak zati txiki baina funtsezko bat beteko du engranajeak funtziona dezan, eta bakoitzak bere mailari egokitutako erronka txikiei aurre egin ahal izango die, hasiberria izan zein aurretik musika-esperientzia izan. Tailerrari amaiera emateko, uztailaren 27an, Soraluzeko kaleetan erakustaldia egitea proposatzen da. Bertan, ikasitakoa ospatu, kaleak hartu eta publikoarekin gozatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.
Antolatzaileek Soraluzeko emakume* gazteei dei berezia egiten diete tailer honetan parte hartzera anima daitezen.
Egunak: zapatua eta domeka, ekainak 21 eta 22; uztailak 20 eta 21
Ordua: 10:30 - 13:30
Lekua: Herri Antzokia
Hizkuntza: elebitan
Izen-ematea eta zaintza
Zaintza zerbitzua egongo da, aurrez, izen-ematearekin batera eskatuta. Ekainaren 18a, eguaztena izango da zaintza zerbitzua eskatzeko azken eguna.
Tailerrean izena emateko bi bide egongo dira:
- Online, ondorengo galdetegia betez: izen-ematea
- Aurrez aurre, udal bulegoetan astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara.
Izen-emate prozesuan laguntza behar izanez gero, edo jardueraren bati buruzko informazio gehigarria nahi izanez gero 943753043 telefonora deituta edo harrera@soraluze.eus helbidera idatzita lor daiteke.