Haur eta Nerabeen kontseiluak hirugarren ikasturtez martxan dira, haur eta gaztetxoen parte-hartzea bultzatzea dute helburu eta herriaren kudeaketarekin zerikusia duten gaiei buruzko beraien ikuspegia lantzen da bertan.
Ekimena herriko ikastetxeekin eta guraso elkarteekin elkarlanean lantzen dihardu Soraluzeko Udaleko Hezkuntza Departamentuak.
Osaketa eta funtzionamendua
Kontseiluen helburua herriko haur eta gaztetxoei beraien iritzia eskatzea da eta eragiten dien guztian parte hartzeko duten eskubidea bermatzea. Kolektibo hauek zer pentsatzen duten jakin nahi du Udalak, beraien proposamenak entzun eta beraien iritzia kontuan hartzeko.
Bi kontseilu daude: Haurrena (8-11 urte) eta nerabeena (12-16 urte). Kontseilu bakoitza 12 pertsona inguruz osatuta dago eta urtean hiru bider biltzen da, eskola orduetan. Kontseilukideak ikastetxean aukeratzen dira, bertan parte hartzeko borondatea agertzen duten ikasleen artetik.
Irisgarritasun plana aztergai azken kontseiluetan
Aste honetan zehar, astelehenean eta martitzenean, egin dituzte Haur eta Nerabeen Kontseiluko kideek ikasturteko hirugarren eta azken bilera-saioak; kontseiluak osatzen dituzten ikasleekin batera, Alkateak, Haur eta Gazteen Saileko arduradun politikoak, Udaleko hezkuntza arduradunak, Projecta Urbeseko arkitektuek eta Kukumixo Aisialdi taldeko koordinatzaileak parte hartu zuten.
Soraluzeko Udalaren irisgarritasun planaren eta udal irisgarriaren bueltan aritu ziren batik bat bi bileretan. Ikastetxeetatik Tolarekua aretorako bidea hainbat modutan egin zuten kontseilukideek: makuluekin, gurpildun aulkian, erosketetarako gurditxoarekin... eta ostean, bidean zehar izandako oztopoen inguruan hausnartu zuten. Udal irisgarriari buruz ere egin zuten gogoeta; traba fisikoez harago, udalak eskaintzen dituen zerbitzuak erabiltzeko eragozpenei buruz, hain zuzen ere.
Amaitzeko, aurreko ikasturteetako kontseiluetan haur eta nerabeek egindako eskaeren betetze maila eta egoeraren berri eman zieten udaletik eta 2025eko Soraluzeko jaien egitarauaren zirriborroa aurkeztu zieten.