Euskaraldiaren aurtengo edizioak irauten duen 11 egunetan ere ekitaldi ugari antolatu dituzte herriko hainbat eragilek ariketa sozialeko egunak girotzeko. Tartean, Soraluzeko Udaleko Kultura Batzordeak antolatutako film emanaldia: Txani Rodriguezen Los últimos románticos eleberrian oinarritutako Azken erromantikoak filma izango da ikusgai. Iazko Zinemaldian aurkeztu zen David Pérez Sañudoren luzemetraia, zuzendari berrien sailean, eta harrera bikaina izan zuen ikusleen partetik.
Gaur, eguena, maiatzak 22, arratsaldeko 19:00etan Herri Antzokian ikusgai. Sarrera doakoa izango da.
Sinopsia eta fitxa teknikoa
Irunek, joera hipokondriakoak dituen emakume dudatsu eta bakarti batek, herri industrial baten kanpoaldeko fabrika batean egiten du lan. Iruneren bizitza ezagunen zirkulu txiki batera mugatzen da: bere lankideak, adiskidea edo halako zerbait den bizilagun bat eta inoiz hartzen ez dituen trenen ordutegiak kontsultatzen dizkion Renfeko operadore bat. Iruneren oreka hauskorra apurtu egingo da bularrean koskor bat detektatzen diotenean eta, aldi berean, lan-gatazka bati aurre egin beharko dio. Orduan, emakumearen bizitzak ustekabeko norabide bat hartuko du: baliteke ez jakitea, baina betitik itxaron duen aukera izango du.
Zuzendaria: David Pérez Sañudo
Antzezleak: Miren Gaztañaga, Maica Barroso
Urtea: 2024
Iraupena: 106 min.
Hizkuntza: Euskara eta gaztelera