Soraluzeko hainbat hezkuntza eragilek elkarlanean antolatu dute ikasturte amaierako jaia maiatzaren 30 eta 31rako

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala

plaentxia.eus
"Aldapan behera... badator azken traka!" ikasturte amaierako jaia antolatu dute elkarlanean Soraluzeko hainbat hezkuntza eragilek maiatzaren 30 eta 31rako.

Elkarlanean antolatu dute aurten Aldapan behera... badator azken traka! 2024-2025 ikasturte amaierako jaia herriko hainbat hezkuntza eragilek; besteak beste, Plaentxi Herri Eskolak,  Atxolin eta Keixeta Guraso Elkarteek, Kukumixo Aisialdi Taldeak eta Soraluzeko Udalak parte hartu dute prestaketa lanetan. Beste hainbat eragilek eta hezkuntza komunitate osoak, orohar, jardun du lankidetzan jaialdia elkarrekin antolatzeko.

Lankidetzan aritzeko helburuak argiak izan dira: alde batetik, hezkuntza eragileak saretzea, ikasturte amaiera elkarrekin ospatzeko festa bateratua antolatuz; eta bestetik, elkarbizitza eta jaia bateratzea, herriko ume, gazte zein helduentzako egitaraua osatuz. Aipatu egitarauaren osaketan haur zein nerabeen proposamenak jaso dira eta familiak ere inplikatu dira, modu horretan guztien parte-hartzea bermatzeko.

Gainera, maiatzaren 30 eta 31ko Aldapan behera... badator azken traka! ospakizunari jarraituko dio asteburu berean Urrats Dantza Taldeak eta Euskal Jai Batzordeak antolatutako Haurren Euskal Jaiak ekainaren 1ean, domekan. Asteburu biribila izango da, beraz, inolaz ere.

Barixakutik hasita, haur eta gaztetxoak protagonista

Hiru egun iraungo dituen ospakizunak protagonista argiak izango ditu: Soraluzeko haur eta gaztetxoak.

Barixakuan ekingo zaie ospakizuneko lehen ekintzei; tartean, ikas-etapa amaituko duten Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta DBHko 4. mailako ikasleei omenaldi eta agur hunkigarria eta Soraluzeko hezkuntza komunitateko parte diren 40 familiaren eskutik egingo den janari dastaketa. 

Zapatuan berriz, haur eta gaztetxoentzako eskaintza zabala izango da, goiz zen arratsaldez, gunetan banatuta. Eguardi partean herri bazkaria egingo da nork bere etxetik ekarritako jan-edanekin, baina, mahaia eta aulkia erreserbatzeko izena eman beharko da maiatzaren 28a baino lehen ondorengo estekan: herri bazkaria. Bazkalostea ere musikak alaituko du.

Asteburuari amaiera dotorea emateko Haurren Euskal Jaia egingo da domekan, ekainaren 1ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.