Euskarazko irakurle taldeko saio irekia egingo da gaur, astelehena, Miren Agur Meaberekin

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala

Miren Agur Meaberen "Begiak zerumugan" poema-liburuaz aritzeko bilduko dira gaur, astelehena, maiatzak 19, euskarazko irakurle taldeko kideak saio irekian, idazlearekin berarekin, Ainhoa Aldazabalek gidatuta.

Euskarazko irakurle taldeak ikasturteko azken saioa egingo du gaur arratsaldean, udal liburutegian, Miren Agur Meabe idazle lekeitiarraren Begiak zerumugan poema-liburua hizpide hartuta. Meabe bera izango da saioan hizlari, eta Ainhoa Aldazabalek gidatuko du solasaldia saio irekian.

Taldeko kideak bi hilabetean behin elkartzen dira, irailetik maiatzera bitarte, aldiko liburu ezberdin bat lantzeko; guztira, euskaraz idatzitako zein euskarara itzulitako bost liburu irakurtzen dira. Ikasturtean birritan, gainera, aukeratutako liburuaren idazlea ere gonbidatzen dute saioetara, gaurkoan kasu.

Gaur gaurkoz, hogei lagun inguruk parte hartzen du euskarazko irakurle taldean; izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko udal liburutegiarekin harremanetan jarri behar da.

Gaurko hitzordua, herritar orori irekia

Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962) idazle eta itzultzaileak Ane Pikaza (Bilbo, 1984) ilustratzailearekin ondutako poema-liburua da Begiak zerumugan. Haize-arrosa batek gidatutako bidaia proposatzen digu, bidean aurkitzen duen paisaia oro sentimendu bihurtuz. Jolas batean bezala, poemetako bakoitzari darion musikari jarraituz, osatuko du irakurleak poema-liburu honen pentagrama, behin eta berriz, irakurria izan dadin. Poemen musikak harrapatuta, beren doinu ezti eta askeak liluratuta eramango du irakurlea azken poemara.

Eguna: astelehena, maiatzak 19

Ordua: 19:00

Lekua: Udal liburutegia

Irakurle taldearen funtzionamendu egokia bermatzeko, udal liburutegia itxita egongo da arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Liburuak itzuli nahi izanez gero, Ludotekako atearen ondoan dagoen buzoia erabili daiteke; bestelako zerbitzurik, ordea, ez da emango.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.