LGTBQI+fobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, adierazpen instituzional adostua eta elkarretaratzerako deia

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala

Adierazpen instituzional adostua kaleratu dute Soraluzeko Udaleko alderdi politiko guztiek LGTBIQ+fobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, eta bihar, zapatua, maiatzak 17, Plaza Barrixan elkarretaratzeko deia egin dute.

Soraluzeko Udalean ordezkaritza duten talde guztiek adierazpen instituzional adostua kaleratu dute LGTBQI+fobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bezperetan eta antolatutako elkarretaratzean parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

Adierazpen instituzionala

Maiatzaren 17an ospatzen dugu 1990an Osasunaren Mundu Erakundeak (OMS) homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik ezabatu zuela . Egun hori historikoa izan zen eta sexu-orientazio eta nortasun guztiak onartuak izateko mugarri garrantzitsua. Denborarekin, maiatzaren 17a LGTBIQ+ pertsonen (lesbiana, gay, bisexual, transexual, intersexual eta queer-en) aurkako gorroto eta indarkeria mota ororen aurkako eguna bihurtu da.

Ordutik, legeek eta gizarteak asko egin dute aurrera sexu-orientazioa eta/edo generoa edozein dutela ere, pertsona guztiek eskubide berdinak izan ditzaten. Hala ere, LGTBIQ+ kolektiboko pertsona askok jasaten du oraindik bazterkeria, estigma eta indarkeria. Bide luzea daukagu sexu eta genero adierazpen eta nortasun guztien egiazko berdintasuna lortzeko.

Izan ere, LGTBIQ+ kolektiboko pertsona askok bereizkeria eta eraso fisiko eta psikologikoak jasaten dituzte, eta gainera, azken urteetan gora egin dute. Guzti honek ikustarazten du norbere sexualitate eta genero-adierazpena askatasunez bizitzeko oztopo handiak daudela eta diskriminazioa agerikoa dela.

Hori horrela, Soraluzeko Udala osatzen dugun talde politikook gogorarazi nahi dugu LGTBIQ+fobiaren aurka borroka egitea askatasuna, duintasuna eta giza eskubideak defendatzea dela. Eta bazterkeria eta indarkeriari aurka eginez gizartearen garapena bultzatzen dugula, gizarte bidezkoagoa lortzeko.

Era berean, Soraluzeko Udalak bere konpromisoa berresten du gizarte inklusiboagoa eraikitzeko eta berdintasun erreala lortzeko, baita sexu- edota genero-orientazio eta identitate guztientzako herri aske eta segurua sortzeko ere, eta pertsona orok diskriminazio eta indarkeria gabeko bizitza bizitzeko eskubidea defendatzen du.

Azkenik, Soraluzeko Udalak herritarrei dei egiten die LGTBIQ+fobiaren aurkako elkarretaratzean parte hartzeko, zapatuan, maiatzaren 17an, eguerdiko 13:00etan, Plaza Barrixan.

Maiatzaren 17an eta egunero, LGTBIQ+fobiaren aurka irmo!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.