Gaztelekuak ekimen ugari antolatu ditu herriko nerabeentzako datozen egun eta asteetarako

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala

Euskaraldiaren baitan zein "Treba Nerabeak" programaren barruan, ekimen ugari izango dituzte gozagai datozen egunetan Soraluzeko nerabe eta gaztetxoek.

Maiatza jarduera beteta dator aurten, gustu eta adin guztietarako ekimenez blai. Hala izango da herriko gaztetxoenentzat ere; izan ere, Gaztelekuak hainbat ekintza antolatu ditu atarian dugun Euskaraldiaren baitan eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Treba Nerabeak programaren barruan.

Sexualitateaz berbetan, zapatuan

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak udaberriarekin batera jarri zuen abian Treba Nerabeak prestakuntza-programa berria, 12 eta 16 urte bitarteko gazteek beren garapen pertsonalerako funtsezko tresnak gara ditzaten. Soraluze aitzindari izan da aldundiko programan, apirilean eskaini baitzuen jada sexualitateari buruzko lehen oinarrizko ikastaroa harrera oso onarekin, hogei bat gazte hurbildu baitziren.

Orain, maiatzaren 17an, zapatuan, eskainiko du Ageda Blasco ikertzaile eta hezitzaileak bigarren ikastaro aurreratua: Aniztasuna eta afektuak: harreman osasuntsu eta askeak eraikitzen. Oraindik ere badago izena emateko aukera eta horretarako bi bide egongo dira:

  • Udaletxeko harrera bulegoan: astelehenetik barixakura, 9:00 - 14:00
  • Gaztelekuan, 688740289 telefonora deituta.

Plazak mugatuak dira eta horiek gainditzen badira, zozketa egingo da. Izena emateko azken eguna maiatzaren 15a, eguena, izango da.

Escape room: Euskaraldiko ihes gela

Euskape elkarteak antolatuta, Euskaraldiko ihes gelan parte hartu ahal izango dute soraluzeko DBHko gaztetxoek maiatzaren 18an, domeka honetan, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Taldetxotan banatuta, Euskaraldiari buruzko hainbat erronka osatzen joan beharko dute parte-hartzaileek, Plaza Barrixan hasi eta herrigunean zehar mugituz.

Gaur izango da izena emateko azken eguna. Taldeka zein banaka apuntatu daiteke, eta bi bide egongo dira horretarako:

  • Online, ondorengo galdetegia beteta: izen-ematea
  • Gaztelekuan, 688740289 telefonora deituta.

Kutxa margoketa atzeratuta

Aurreko zapaturako, maiatzaren 11rako, hain zuzen ere, aurreikusita zegoen kutxa margoketa atzeratu egin behar izan da eguraldi iragarpen txarra zela medio. Hori horrela izanik, maiatzaren 24rako programatu da ekimen berria; bertan, udazkenean hasitako kutxa margoketari jarraipena emango diote parte-hartzaileek. Helburua kutxak margotu eta euskararen aldeko aldarri nahiz irudiekin apaintzea izango da.

Oraindik ere eman daiteke izena, maiatzaren 22ra arte, eguena, eta bi bide egongo dira horretarako:

  • Online, ondorengo galdetegia beteta: izen-ematea.
  • Gaztelekuan, 688740289 telefonora deituta.

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.