2024ko urtarrilean egin zen lehenengoz Soraluzeko Udal Liburutegiak antolatutako Irakurketa erronka, Plaentxi Herri Ikastetxeko irakurketa proiektuari babesa eta bultzada eman nahian. Lehen Hezkuntzako neska-mutikoak irakurtzen trebatu eta zaletzea ditu helburu, haien ulermena eta adierazpena hobetzea eta literatur-zaletasuna sustatzea.
Aurtengo ikasturtean egin da bigarren edizioa, azarotik apirilera bitarte, eta parte-hartzaileek proposatutako lau gairi buruzko irakurgai bana irakurri behar izan dute: munduan bizitzeko baloreak, fantasia, ipuin edo poema bat gauero eta maite dut neure burua. Gai bakoitzarekin lotutako liburu bana irakurtzean, zigilua jaso dute liburutegian; lau irakurgaiak osatzean erronka bukatutzat ematen da.
Apirilaren 22a izan zen zigiluak jasotzeko azken eguna, eta joan den eguaztenean, apirilaren 30ean banatu ziren sariak Herri Antzokian. Ondoren, parte-hartzaileek Naita produkzioak taldeko Nerea Ariznabarreta eta Mariano Hurtadoren eskutik, Ezberdin bezain eder ipuin-kontaketa musikatuaz gozatu ahal izan zuten.
Harrena ona, beste behin
Lehen Hezkuntzako neska-mutilei zuzendutako ekimenean 75 umek hartu du parte, eta horietatik 48k amaitu du erronka; Soraluzeko adin horretako haurren laurdenak, hain zuzen ere. Gainera, liburutegia ezagutzen ez zuen zenbait gaztetxok joateko ohitura hartu du, eta hori, erronka amaitu ostean ere, irakurzaletasunari eusteko bermea da.
Soraluzeko Udal Liburutegiak esker ona adierazi nahi die hilabetez hilabete liburutegira bisita egin eta erronkan parte hartzeko konpromisoa erakutsi duten haur guztiei; eta datorren ikasturtean berriz elkar ikusteko nahia adierazi nahi die.