Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak maiatzetik uztailera bitarteko egitarau berria kaleratu du

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala

Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak, lehenengo bi programazioen arrakastaren ondoren, udaberri-udako programazioa iragarri du eta izena-emateko epea ireki du.

2024ko apirilean eman zituen lehen urratsak Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak bi urteko sortze-prozesuaren ostean. Ahalduntze Eskolak topaketarako, ikaskuntzarako, hausnarketarako eta prestakuntzarako gune bat izan nahi du, emakumeen* ahalduntzea sustatuko duena.

Lehenengo bi programazioen arrakastaren ondoren, Ahalduntze Eskolak udaberri-udako egitaraua kaleratu berri du. Udazken-neguko egitarauaren baitako ekintzen ostean, otsailean egindako balorazio-topaketako ekarpenetatik abiatuta osatu du programaketa berria talde eragileak. 

Egitaraua eta izen-ematea, martxan

Hauexek dira Ahalduntze Eskolak maiatzetik uztailera bitarte emakumeentzat* eskainiko dituen ikastaro eta tailerrak, laburrean:

  • Tailerra: "Barreterapia”
  • Ikastaroa: "Sendabelarrak eta fitoginekologia”
  • Ikastaroa: "Yoga eta emakumea*"
  • Tailerra: "Batukada"
  • Topaketa: "Soraluzeko emakumeon* topaketa"

Egitarau guztia HEMEN dago ikusgai eta datozen paperean etxez etxe ere banatuko da. Bertan ekintza guztien xehetasunak: eguna, ordua, hizkuntza eta lekua. Ekintza guztiak doakoak izango dira.

Izen-ematea apirilaren 30ean hasiko da eta ikastaroak bete arte egongo da zabalik; ikastaroak betetzen ez diren kasuetan, jarduera bakoitza hasi baino hiru egun lehenago amaituko da behin betiko izen-emate epea. Jarduera guztiek izango dute zaintza zerbitzua eta, beranduenez ere, ekintza baino hiru egun lehenago eskatu beharko da.

Izena emateko bi bide egongo dira:

  • Online, ondorengo galdetegia betez: izen-ematea
  • Aurrez aurre, udal bulegoetan astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara.

Izen-emate prozesuan laguntza behar izanez gero, edo jardueraren bati buruzko informazio gehigarria nahi izanez gero 943753043 telefonora deituta edo harrera@soraluze.eus helbidera idatzita lor daiteke.

Barreterapiarekin ekingo zaio

Barreterapia saioekin emango zaio hasiera egitarau honi. Maiatzaren 8 eta 15ean, osteguna, egingo dira saioak Gaztelekuan; Irene Alvarez de Castro adituaren eskutik.

Tailer hau gorputzaren bidez gozatzean datza. Hitzak berak adierazten duen bezala, "barre" eta "terapia" barre egitean eta barre eginez gurekin konektatu ahal izatean oinarritzen da.

Umorea eta talde-dinamika desberdinak landuko ditugu, eta apur bat gehiago sartuko gara gure baitan, gure barne-mundua ezagutzeko. Kontaktu fisikoa eta erlazionala sustatuko dugu, baita pentsamendu positiboa ere. Aurreiritzirik gabeko hazkunde-espazio bat sortuko dugu, non IZAN ahal izango dugun modu positibo, zintzo eta erabatekoan bizitzen ikasteko.


 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.