Udaleko Kultura Batzordeak antolatzen duen Udaberriko Zikloaren baitan, Banarte Antzerki Taldearen Cuenta atrás antzezlana aurkeztuko da zapatuan Herri Antzokian; bertan, Edu Pombar aktore soraluzetarraren parte hartuko du, konpainiako kide baita. Antzezlana apirilaren 26an, zapatua, izango da, arratsaldeko 20:00etan, gazteleraz.
Thriler izaera duen obra
Cuenta atrás antzezlana thriller bat da, suspentse-lan bat, proposatzen diguna beldurra, segurtasunik eza, zoria, bakardadea eta inpotentziari buruz hausnartzea, eta ikusarazten diguna nolako etsipena sortzen den arazo bati konponbide bat emateko geratzen zaigun denbora ahituz doala ikusten dugun heinean.
Zortearen, bakardadearen, beldurraren eta gaizkiaren atzaparretan kateatutako gizakiaren zaurgarritasuna ageri zaigu ordu erdi eskas irauten duen antzezlan honetan, erakutsiz nola gutako bakoitzaren barruan dagoen gaizkiak eraman gaitzakeen despetxuz mendekua bilatzera eta nola erlojuaren kontrako lasterketa zurrunbilotsu, zoro eta zentzugabe batean egiten diegun aurre egoera etsigarriei eta erotasunari, larrimina gero eta itogarriagoa egiten ari den giro batean.
Sinopsia eta fitxa teknikoa
Ertzaintzaren Operazio Berezien taldea haur baten itxuraz arrazoirik gabeko desagerpena ikertzen ari da. Ez dago ez susmagarririk, ez pistarik, ez zergatirik, ez errebindikaziorik, ez erreskate eskaririk. Dena okertzen da bahitzaileak haurraren irudia publikatzen duenean web orri batean eta 30 minutu ematen dituenean kasua argitzeko. Atzerako kontaketa dramatikoak etsipenean pulunpatzen ditu bai ertzainak, bai gertakariak zuzenean jarraitzen ari den ama, eta hortik aurrera gertakariak amaiera etsigarri batera amiltzen dira.
- Testua eta ekoizpena: Banarte Antzerki Taldea
- Zuzendaritza: Sonia Villamor
- Antzezleak: Dolma Romera, Rafa Herce, Eduardo Pombar, María Otxandiano, Aitor Berrio eta Danel Pombar
- Argiztapena: Rafa Herce
- Eszenografia: Javier Obregón
- Teknika: Pedro Urbano
- Jantziak: Sonia Villamor
- Iraupena: 30'
- Ikuslea: heldua
- Hizkuntza: gazteleraz
Eguna: apirilak 26, zapatua
Ordua: 20:00
Lekua: Herri Antzokia
Prezioa: 5 euro
Sarreren salmenta
Herri Antzokirako antolatutako ekitaldien sarrerak eskuratzeko bide berriak daude iaztik, udazkeneko Antzerki zikloa martxan jarri zenetik, hain zuzen ere. Izan ere, bibe.me ataritik ere eskuratu daitezke orain Soraluzeko Udalak antolatutako emanaldietako sarrerak.
Beraz, hiru bide egongo dira:
- Online: bibe.me atariaren bidez: Cuenta atrás
- Soraluzeko Udaleko aplikaziotik
- Aurrez aurre:
- Udal liburutegian, astelehenetik barixakura 11:00 - 13:00 eta 16:30-19:30 (barixakutan 16:00 - 18:00)
- Txarteldegian, ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago.