Nagusien kontseilua martxan jarri da Soraluzen

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2025ko api. 16a, 00:00

Nagusitasun aktiboa oinarri hartuta, Soraluzeko Udalak Bizipoz koperatibarekin eskuz esku egindako prozesuaren ostean, Nagusien kontseilua osatu da harrera onarekin gainera. Apirilaren 11an egin zuen lehen bilera Soraluzeko Nagusien kontseiluak eta aurrera begirako ibilbidea adostu zuen bertan.

Apirilaren 11an, ostirala, burutu zen Soraluzeko Nagusien Kontseiluko lehenbiziko bilera. Aurreko hilabeteetan Soraluzeko Udalak Arrasateko Bizipoz koperatibaren eskutik helduta egindako prozesuaren emaitza izan da, kontseiluaren sorrera. Momentuz, 18 pertsonak osatzen dute kontseilua eta bertako partaide dira herritarrak, udaleko teknikaria, udaleko zinegotzia, Zaharren egoitza eta Eguneko Zentroko kideak. 

Hilean behin elkartuko da kontseilua, ordu eta erdiko bilera bat burutzeko, Kalebarren 8ko udal eraikinean. Aurreko hilabeteetan egindako elkarrizketetan ateratako gaiak landuko dira bilera hauetan. Horrez gain, udaletik ere gai ezberdinak kontsultatuko dira gune honetan erabaki ezberdinak ikuspegi anitzago eta osatuago batekin hartu ahal izateko. 

Lehenbiziko kontseiluan landutakoak

Lehenbiziko kontseilu honetan elkarrizketetan atera ziren gai ezberdinak elkarrekin errepasatu zituzten partaideek:

  • Garraioa
  • Bakardadea
  • Oztopo arkitektonikoak-irisgarritasuna
  • Komun publikoak
  • Elkarteetan parte hartzeko konpromezua
  • Hizkuntza zailtasunak
  • Eskaintza
    • Dinamizatzaileak eta hitzaldiak
    • Eskaintzan generazio arteko aldea
    • Etxeko coliving
    • Gazteentzako coworking-a
  • Boluntarioen falta
  • Belaunaldien arteko harremanak
  • Egoitza eredua
  • Zaintza zerbitzuak handitu
  • Apartamentu tutelatuak
  • Psikologia zerbitzuak
  • Bisita telefonikoak
  • Arrakala digitala
  • Informazioaren difusioa
  • Txakurren zaintza

Gai hauen inguruan luze hitz egin ondoren, abiapuntu gisa 3 gai hauek aukeratu zituzten:

  1. Bakardadea -  Eguneko zentroa – eskaintza dinamizatua – konpromezua.
  2. Arraka digitala - Tramitazio burokratikoa
  3. Garraioa

Lehentasun gisa markatu ziren gaien inguruan, hainbat etxekolan eta ardura banatu ziren taldeko partaide ezberdinen artean, hurrengo kontseilura begira. Maiatzaren 16an 10:00etan, ostirala, elkartuko dira kontseilukideak hurrengo bilera egiteko. 

Proposamenak jasotzeko nahiz parte hartzeko bideak irekita

Une honetan 18 herritarrekin abiatu bada ere kontseilua, irekita dago bertara gerturatu nahi duen edonorentzat. Baita bertan parte hartu ez, baina ekarpen edo proposamenen bat bideratu nahi duen horrentzat ere. Honetarako, hainbat kanal egongo dira une oro irekita:

  • Udaletxeko harrera bulegoan, aurrez aurre, eskaera eta proposamen orria betez.
  • Gizarte Zerbitzuetako email honetara idatziz: gizartezer@soraluze.eus

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.