Hondakin organikoen edukiontzi marroia zabaltzeko txartela erabili beharko da Soraluzen atzotik, apirilaren 7tik, aurrera. Debabarreneko mankomunitateak sustatutako neurria da eta biohondakinen kudeaketa hobetu eta bereizketa erraztea ditu helburu.
Joan den astean informazio-kanpaina ipini zen abian herrian txartelaren funtzionamenduari buruzko zalantzak argitu eta etxean jaso ez dutenek hondakin organikoen edukiontzia zabaltzeko txartela eskura zezaten.
Informazio-bulegoa eguaztenera arte
Aurreikusten zen zapatua izatea informazio-bulegoaren azken eguna, baina oraindik herritar asko falta direnez txartela eskuratzeko, eguaztenera arte luzatu da. Hortaz, apirilaren 9ra arte egongo da zabalik, oraindik txartel marroia jaso ez dutenek bertan eskura dezaten. Ondorengo arreta-ordutegia izango du informazio-bulegoak:
- Astelehenetik eguztenera: 10:00 - 14:00
Informazio gehiago behar izanez gero, herritarren arreta bulegoetara gerturatu edo 629 031 252 telefonora dei daiteke.
Txartelaren funtzionamendua
Hondakin organikoen bilketa eraginkorragoa izan dadin ezarri da edukiontzia irekitzeko sistema elektronikoa eta horiek irekitzeko txartela edo Ireki aplikazioa erabil ditzakete:
- Txartela erabiliz gero, bertikalean ezarri beharko da irakurgailuaren gainean eta bi segundu itxaron, argi berdea piztu arte. Ondoren, edukiontzia ireki ahal izango da.
- Ireki mugikorrerako aplikazioa erabiliz gero, mugikorra ezarri beharko da irakurgailuaren gainean eta bi segundu itxaron, argi berdea piztu arte. Ondoren, edukiontzia ireki ahal izango da.