Udaberriko zikloaren barruan, "Miñan" antzezlana eta "Ombuaren Itzala" filma ikusgai Herri Antzokian

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2025ko mar. 26a, 00:00

Udaberriko zikloaren baitan, hainbat ekitaldi antolatu dira asteburu honetarako: "Miñan" liburuaren antzerkirako moldaketa martxoaren 28an eta "Ombuaren Itzala" Patxi Bisquerten filma martxoaren 30ean.

Udaleko Kultura Batzordeak antolatzen duen Udaberriko zikloaren baitan, Artedrama konpainiaren Miñan antzezlana taularatuko da barixakuan, eta Patxi Bisquert zuzendariaren Ombuaren Itzala filma proiektatuko da domekan, biak ala biak Herri Antzokian. 

Miñan, anaia txikia

Artedrama konpainiak antzerkirako moldatu du Miñan eleberria, Ibrahima Baldek ahoz eta Amets Arzallusek idatziz kontatua. Udazkenaz geroztik dihardute herriko hainbat eragilek liburuari buruzko lanketa egiten; izan ere, jendartEKINeko kideek eta Soraluzeko Institutuko DBH 4ko ikasleek aztertu zuten eta hitzaldi zikloa antolatu Amets Arzallus egilearekin eta Ndank-Ndankekin, senegaldar eta euskaldunez osatutako elkartearekin. Aurrez egindako lanketari jarraipena ematen dio, beraz, antzezlanak.

Sinopsia eta fitxa teknikoa

Ibrahima Balde Ginean jaio zen; baina, egun batean, amaren deiak etxea uztera behartu zuen, anaia txikiaren bila Europara joateko. Basamortua zeharkatu zuen, eta polizia, bahitzaile, mugalari eta abarrekin gurutzatu zen zeharkaldian. Afrikatik Europarako ibilbidean minak, egarriak eta goseak sorturiko sufrimendua ezagutu zuen.

Miñan, anaia txikia, Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da, Amets Arzallusek lehen pertsonan kontatua eta Artedramak antzerkira egokitua.

  • EGILEA: Ibrahima Balde eta Amets Arzallus.
  • MOLDAKETA: Timberlake Wertenbaker.
  • ZUZENDARITZA: Ander Lipus.
  • AKTOREEN ZUZENDARITZA: Manex Fuchs.
  • ANTZEZLEAK: Ander Lipus, Sambou Diaby, Eihara Irazusta eta Mikel Kaye.
  • ARGIZTAPENA: Oier Ituarte.
  • ESZENOGRAFIA: Jose Pablo Arriaga.
  • MUSIKA: Aitor Agiriano (Toro).
  • KOREOGRAFIA: Philippe Ducou.
  • JANTZIAK: Ikerne Giménez.
  • IRAUPENA: 90′.
  • IKUSLEA: + 16 urte.
  • HIZKUNTZA: Euskaraz.

Eguna: martxoak 28, barixakua

Ordua: 20:00

Lekua: Herri Antzokia

Prezioa: 10 euro

Pello Mari Otañoren bizitza iruditan

Domekan, ostera, Patxi Bisquert zuzendaria Soraluzera etorriko da eta Ombuaren Itzala, Pello Mari Otaño bertsolari-poetaren bizitza eta obra jasotzen duen filma aurkeztuko du Herri Antzokian. Azpimarratzekoa da auzolanean ekoitzitako pelikula honetan auzolankide gisa parte hartu izan dutela hainbat herritarrek. 

Sinopsia eta fitxa teknikoa

Pello Mari Otañok lehen aldiz ihes egin zuen Argentinara Foru Abolizioaren ondoren (1876), espainiar armadari uko eginez, eta bizpahiru urteren buruan Zizurkilera itzuli zen berriro, bereganako inolako peskisarik ez zegoela egiaztatu ondoren.

Baina, berehala erabakitzen du berriro harantz joatea, eta ia hamar urte ematen ditu han abere zaintza lanetan; Otaño beste gaucho bat bihurtzen da, gaixotu eta Euskal Herrira itzultzea erabakitzen duen arte. Une horretan hasten da Ombuaren Itzala filmaren narrazioa.

  • ZUZENDARIA: Patxi Bisquert.
  • HERRIALDEA: Euskal Herria eta Argentina.
  • URTEA: 2024.
  • IKUSLEA: Publiko guztientzat.
  • HIZKUNTZA: Euskaraz.

Eguna: martxoak 30, domeka

Ordua: 18:00

Lekua: Herri Antzokia

Prezioa: 2 euro

Sarreren salmenta

Sarrerak eskuratzeko hiru bide egongo dira:

  • Online: bibe.me atariaren bidez: Soraluze
  • Soraluzeko Udaleko aplikaziotik
  • Aurrez aurre:
    • Udal liburutegian, astelehenetik barixakura 11:00 - 13:00 eta 16:30-19:30 (barixakutan 16:00 - 18:00)
    • Txarteldegian, ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago.