Elikagai bilketa egingo da aste honetan, Zaporeak elkarteak deituta, Lesboseko errefuxiatuei laguntzeko

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2025ko mar. 24a, 18:34

Aste guztian zehar jardungo dute hainbat herritar eta eragilek arroz luzea batzen, Zaporeak gobernuz kanpoko erakundeak deituta, Lesboseko errefuxiatuei laguntzeko.

Zaporeak Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen dien irabazi asmo gabeko elkartea da. Egun, Grezian dauden errefuxiatu esparruetan janaria prestatzen dute, ez atzera eta ez aurrera, harrapatuta dauden pertsona zaurgarrienen bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin.

Aurten ere, erronka solidarioa jarri du martxan Zaporeak elkarteak Debabarreneko herrietan; helburua da Grezian harrapatuta dauden errefuxiatuei egunero otordu duin bat ematea.

Soraluzeko bilketa

Aurten, arroz luzea batzea egokitu zaio Soraluzeri, eta bilketa aste honetan zehar egingo da, martxoaren 24tik 28ra bitarte. Bilketan parte hartuko dute Soraluzeko Kooperatiba elkarteak, Autoservicio Amparok eta Soraluzeko Eroskik, baita Plaentxi Herri Eskolak eta Soraluze BHI Institutuak ere. Bestalde, aste guztian zehar arratsaldeko 17:30-19:30 bitarte, bilketa-gune bat ere jarriko da Zubi Nagusian. 

Udalak ere bere ekarpena egin nahi izan du Zaporeak gobernuz kanpoko erakundearentzako 530 kilo arroz luze eskainiz, eta soraluzetar guztiak animatu nahi ditu ekimenean beren aletxoa jartzera. Iker Uzin Ongizate Saileko zinegotziaren esanetan "errefuxiatuek duten egoera lazgarriaren aurrean, gure aletxoa jartzea ezinbestekoa da; errefuxiatuek bizi duten eguneroko egoera ikusarazi eta ekarpena eginez”.

Erronka solidarioarekin amaitzeko, tuper solidarioa

Debabarreneko janari-bilketarekin amaitzeko, Tuper solidarioa ekimena egingo da martxoaren 29an, zapatua, eguardiko 14:00etatik 15:00era bitarte, Ermuan. Ekimen horretan, 5€ko dohaintzaren truke Zaporeak elkarteko sukaldari laguntzaileek prestatutako tuperra eskuratu ahal izango dute parte-hartzaileek.