Bergarako Garagune elkartetik erakusketa berezi bat antolatu dute Kiroldegiko Erakusketa Gelan. Bertan, Soraluzeko hainbat herritarrek beraien lanak erakutsiko dituzte, bere kideen lanekin batera. Erakusketaren inagurazioa otsailaren 5ean, asteazkena, 11:30ean izango da erakusketa-aretoan bertan.
Garaguneren helburuak eta misioa
Garagune Interes sozialeko erakundea da, pribatua eta irabazi asmorik gabekoa, eta adimen desgaitasuna duten helduei eguneko arreta eskaintzen die Gipuzkoako lurraldean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentuarekin hitzartutako hainbat programaren bidez.
Pertsona bakoitzaren premia bereziei erantzuteko eta erabiltzaileen eta haien familien ingurune naturaletik gertu egoteko, Gipuzkoan zehar zentro sare bat eraikitzen joan gara. Gaur egun, eguneko arreta-zerbitzuak eskaintzen ditugu 16 Garagunetan, baita Pausoak zentroan ere. Horietako bat da, Bergarako Garagune zentroa eta bertako kide dira Soraluzeko hiru herritar.
Helburua kalitatezko zerbitzuak eta laguntzak eskaintzea da, desgaitasun intelektuala duten pertsonek bizitza aberatsa eta aukeraz betea izan dezaten beraien komunitatean. Eta misio nagusia berriz, desgaitasun intelektuala duten pertsonei laguntzea beren helburu pertsonalak lor ditzaten, eta, horren bidez, beren bizi-kalitatea hobetzen lagunduz.
2024.urtean, desgaitasuna duten 324 pertsonari eta haien familiei eskaini dizkiete laguntza-zerbitzuak.
Erakusketaren nondik norakoak
Erakusketa honen bitartez erakutsi nahi dute zelako artista handiak diren bertako partaideak. Horrez gain, Garaguneko lankide ohi bati, Oñatiko Miguel Lopezi, omenaldia egin nahi diete, artista handia baitzen eta aste honetan bere heriotzaren hirugarren urteurrena izan baita.
Erakusketa otsailaren 5ean, eguaztena, 11:30ean inaguratuko dute artistak bertan direlarik eta senide, herritar eta Udaleko ordezkariekin batera. Etorri nahi duen orori irekia izango da.
Ordutegia
Otsailaren 5etik 19ra egongo da ikusgai erakusketa, Kiroldegiko erakusketa aretoan.
Ohiko ordutegia izango du:
- Astelehenetik barixakura: 18:30 - 20:00
- Zapatutan: 12:00 - 13:30