Soraluzeko Udalak, Gabonetako Motiboekin Apaindutako Balkoi eta Leihoen Lehiaketa antolatu du 2024ko Gabonei begira.
Lehiaketa honen bitartez, balkoi eta leihoak apaintzeak ekartzen duen herri estetikari balioa eman nahi zaio. Balkoi eta leiho apainduen atzean herritar bakoitzak kale eta fatxaden estetika hobetzeko egiten duen ekarpena dago eta honek, herritar - hiri ingurune erlazioa hobetzen du; era berean, bizilagunek eginiko ekarpen artistikoaz denok gozatzeko aukera ematen du.
Oinarriak
Balkoi edo leihoa duten Soraluzeko etxebizitzetako jabe edo errentariak diren bizilagunek parte hartu dezakete; beti ere, apainketa elementuak oinezkoentzat edo azpiegitura berarentzat arriskutsuak ez direnean.
Lehiaketan izena emateko azken eguna abenduaren 26a parte hartzailearen izen-abizenak eta balkoi edo leihoa identifikatzeko helbidea adierazi behar dira hauetako bide bat erabiliz:
- Udaletxeko harrera bulegoetan.
- 943 75 30 43 zenbakira deituta.
- Email honetara idatzita: sustapena@soraluze.eus.
Lehiaketaren garapena
Lehiaketaren epaimahaiak, udaleko teknikariek osatua, ikustaldi aldizkatuak egingo ditu abenduaren 27tik urtarriaren 3ra bitartean.
Apainketan erabiliko diren elementuak partaide bakoitzaren aukerapean egongo dira eta kale, espaloi eta etxebizitzako sarrerak errespetatuz kokatuta egon beharko dira . Zintzilik edo estruktura baten gainean dauden elementuak eta haizearen eraginez erori daitezkeen apaingarriak balkoi edo leihora ondo finkatuta egon beharko dira, oinezkoen segurtasuna arriskuan jarri gabe. Beti ere, pertsona parte hartzailea izango da elementuen erorketaren ondorioz gauzatu daitezkeen kalteen arduraduna.
Hauexek izango dira balorazio irizpideak:
- Jasangarritasuna, materialen berrerabilpena.
- Originaltasuna.
- Apainketaren kalitatea.
- Armonia eta diseinua.
Saria eta sari-banaketa
Irabazle suertatzen denak 100 euroko saria jasoko du. Sari-banaketa urtarrilaren 6an egingo da.
Konpromisoa
Lehiaketa honetan parte hartzean, oinarriak eta epaimahaiaren apelaezina izango den erabakia onartzen da. Era berean, antolatzaileei nahi beste argazki egiteko baimena ematen zaie, hauen eskubide guztiak gordez eta edozein komunikabidetan argitaratzea baimenduz. Beti ere, argazkiak gune publiko eta komunetatik aterako dira.