Blues Hotsak jaialdia antolatu du seigarrenez Errabal Kultur Elkarteak datorren asterako, jazza, bluesa eta musika beltza ezagutarazteko helburuarekin. Programatutako ekintza ugarien artean daude domekako ekintzak: argazki rallya, dolmenen ibilbidean bisita, kontzertu gastronomikoak eta "Sugar Queen" artistaren kontzertua.
Goizeko egitaraua
Goiz eta eguardi aldean hainbat ekintza egingo dira Blues Hotsak jaialdiaren baitan Soraluzeko kaleetan zein mendigainean. Aurtengo ekitaldiaren ezaugarrietako bat baita herriko eragileekin izandako lankidetza, domekako ekintzek hala islatuko dute: Kontrargiko argazki rallya, Debegesarekin batera antolatutako dolmenen ibilbideko bisita gidatua eta herriko tabernen inplikazioari eskerrak antolatutako kontzertu gastronomikoak.
- 08:30, XXXV. Kontrargi azgazkilaritza rallya. herrigunean.
- 09:00 - 12:30, dolmenen ibilbide bisita gidatua, Karakateko aparkalekutik hasita.
Aurtengo berritasunen artean Kontzertu gastronomikoak daude: herriguneko tabernetan blues musika oinarri duten pintxoak dastatu ahal izango dute ehundaka pertsonak kontzertuez gozatu bitartean.
- The fake cousins
- Ordua: 12:00
- Lekua: Intxixu, Arrano eta Bolia
- DJ. Baltza
- Ordua: 12:30
- Lekua: Gaztelupe
- Wilsons organ trio
- Ordua: 13:00
- Lekua: Edurtza eta Txuritxu
- Blues company
- Ordua: 14:00
- Lekua: Txoko
Sugar Queen
Sugar Queen izen artistikoa duen Michele Denise bluesa Europan, Estatu Batuetan eta Asian jotzen duen estatubatuar abeslari eta konpositore moldakorra da. Floridako iparraldean ditu sustraiak, eta horrek azaltzen du gospelarekin eta bluesarekin duen kidetasuna. Bere lehen urteetan piano klasikoa ikasi zuen, gero hegoaldeko elizetan jo ahal izateko. Estatu Batuetako hainbat lekutan barrena bira egiten ari zela, Mandela Released ekitaldi historikoan parte hartzeko aukeratu zuten. Michele Denise paper bikoitza bete zuen hainbat gospel eta klasiko abesbatzetako zuzendari eta kantari gisa.
2006an Asiara joan zen bizitzera eta Malaysian Deuces Wild blues eta rock klasikoko taldea sortu zuen. Jazz abeslari bezala ere lan egin zuen Yiang Yi Sock pianojolearekin Malaysian. Emanaldietako bokalista izan zen, eta Wang Wei (Rock Rhino) blues & rock artistarekin grabatu zuen izen bereko CDan (Wang Wei), Beijingen. Audioko ingeniari gisa ere ibili zen Chen Yulirekin (2008ko Beijingeko Joko Olinpikoen Irekiera Ekitaldiko musika ekoizpenaren burua).
Sugar Queen Europako blues agertokietan hasi zen 2017an, eta Keb Mo bezalako artisten telonera izan da, arrakasta handiko bira europarrak eginez. Bai stomper abesten, bai erritmo moteleko bluesa, publikoa azkar bereganatzen du.
Bere abestietan narratiba pertsonala eginez, Sugar Queenek afroamerikar sustraiak arakatzen ditu Chicagoko Bluesaren alderdirik gordinena erakutsiz, errepertorioari gospel, soul eta funk ugari gehituz, Koko Taylor edo Willie Maeren ildoan. Gaur egun Herbehereetan bizi da. Michelek berak idatzitako hiru albumekin lortu du nazioarteko arrakasta, eta hiru kontinenteetako jaialdi eta klub askotan jarduna da. Banda bikain batekin dator, Jean Raven gitarrajolea, Arjan van den Oever teklatu jolea, Erwin Huigen baxujolea eta Ralph Adriaansen bateriajolea.