Blues Hotsak jaialdia antolatu du seigarrenez Errabal Kultur Elkarteak datorren asterako, jazza, bluesa eta musika beltza ezagutarazteko helburuarekin. Programatutako ekintza ugarien artean dago La semilla del son (2023) film-dokumentalaren proiekzioa, Santiago Auserónen road movie soinuduna.
Auserónek berak hurrengo zapatuan emango duen kontzerturako girotzen joateko moduko ekintza izango da, doakoa eta interesa duen edonori irekia.
Eguna: eguaztena, azaroak 20
Ordua: 19:30
Lekua: Herri Antzokia
Sinopsia eta fitxa teknikoa
Santiago Auserón son musikaren jakituria erritmikoaz blaitzen da 1984an Kubara lehen aldiz joan zenetik, eta bere ibilbide musikalean txertatzen du, rockaren berrikuntza mestizo gisa. Egungo proiektua, Juan Perro, bere soinu-laborategia da eta bertan Kuba, Espainia eta New Orleans batzen ditu. Bidaia hori Espainiako tradiziotik abiatzen da, eta blues arrastoa duen Mississippiren deltara egiten du hegan, Kubako sonean geldialdia eginez, eta, azkenik, New Orleanseko jazzarekin fusionatuz. Espainiako kultura postmodernoaren irudi karismatikoenetako baten unibertsoan barneratzen gaituen road movie soinuduna da La semilla del son.
Zuzendaria: Juanma Villar Betancort
Herrialdea: Espainia
Urtea: 2023
Iraupena: 99'
Hizkuntza: gaztelera