Gaztañerre azokarako aurrerapen gisa, "Haziak" liburua aurkeztuko dute azaroaren 5ean

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2024ko urr. 31a, 09:01

Aurtengo Gaztañerre azoka bertan dela aprobetxatuz, "Haziak. Zergatik eta nola egin zureak" liburua aurkeztuko dute datorren astean, azaroaren 5ean.

Urteroko zita garrantzitsua da soraluzetarrentzat Gaztañerre azoka, eta bertan da aurtengoa; datorren astean, azaroaren 9an, zapatua, egingo da. Gaztañerre Kulturalaren bueltan antolatu da, hain zuzen ere, Miguel Arribas eta Marc Badalen Haziak. Zergatik eta nola egin zureak liburuaren aurkezpena.

Liburu aurkezpena

Miguel Arribas Kelo eta Marc Badal madrildarra eta bartzelonarra, hurrenez hurren, dira Haziak. Zergatik eta nola egin zureak liburuaren idazleak. 

Liburuan kontatzen dute, batetik, gure baratzeetan estimatuak diren espezieen haziak nola egin, jakintza praktikoa, alegia. Eta bestetik, barazki horiek gure herrian izan duten historia, eta gaur egun hazien gaia mundu mailan nola dagoen: monopolioa, transgenikoen auzia, hazi hibridoak, bertako baritateak, bioaniztasuna, Euskal Herrian hazia egin eta informazioa dibulgatzen duten eragileak... gai oso anitzak eta mamitsuak, inondik inora ere.

Miguel Arribas, liburuaren idazleetako bat izango da aurkezpen ekitaldian.

Eguna: azaroak 5, martitzena

Ordua: 18:30

Lekua: Kalebarren, 8

Badator Gaztañerre azoka 

Hamar egun eskas besterik ez dira geratzen aurtengo Gaztañerre azokarako, eta antolatzaile zein parte-hartzaileak buru-belarri dihardute azken prestaketa lanetan. 

Aurten ere ez da faltako animaliarik, jan-edanik, artisaurik eta musikarik, ohiko moduan. Goizeko 10:00etan hasiko da azoka eta eguneko ospakizunek ez dute etenik izango ordu txikitararte.