Urriaren 1a eta 24a, Adineko Pertsonen Nazioarteko eguna eta Liburutegien eguna dira, hurrenez hurren, eta data seinalatu horiek aintzat hartuta ekintza bereziak programatu ditu Soraluzeko udal liburutegiak
Adineko pertsonei buruzko interesgunea
Urriaren bataz geroztik adineko pertsonei buruzko interesgunea dago erakusgai liburutegian. Adineko pertsonen garapen fisiko, mental eta emozionalerako egokiak diren tituluak bildu dira alde batetik; baita adineko pertsonak protagonista dituzten liburuak ere, heldu, gaztetxo zein haurrentzako.
Irakurketa Errazeko taldea
Mesedeetako egoitzako Irakurketa Errazeko taldeak ere urriaren 11n berrekin zion ikasturteari irakurketa berri batekin: Lewis Carroll idazle ingelesaren Alicia en el país de las maravillas, Núria Martík moldatua. Orain egoitzan bertan dihardute liburua irakurtzen, barixakutan, eta liburuaren azken kapituluak irakurri eta tertulia egiteko elkartuko dira liburutegian berriz laster.
Bisita gidatuak
Soraluzeko udal liburutegia eta haren zerbitzuak ezagutzeko bisita gidatuak ere antolatu dira urrian: Plaentxi eskolako 5. mailako ikasleekin eta Itxaropen jubilatuen etxeko kideekin.
Plaentxi eskolako neska-mutilak lehengo astean izan ziren liburutegia ezagutzen, eta Peru Magdalena eta Saroa Bikandik eskainitako Poropopoesia tailerraz gozatzen.
Datorren eguaztenean, berriz, Itxaropena jubilatuen etxeko kideek bisitatuko dute liburutegia goizeko 11:00etatik aurrera. Bisita jabilatuen etxearekin elkarlanean antolatu bada ere, irekia da eta interesa duen edozein herritarrek parte hartu dezake.