“San Andres auzoko baserriak” liburua aurkeztuko dute datorren eguaztenean

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2024ko urr. 19a, 08:38

Francis Larrañaga eta Unai Larreategi San Andres auzoan, bizilagunei liburuaren alea entregatzen.

Francisco Javier Larrañaga Guridi soraluzetarrak “San Andres auzoko baserriak” liburua aurkeztuko du datorren eguaztenean, urriak 23, arratsaldeko 19:00etan, Herri Antzokian.

Francisco Javier Larrañaga Guridi soraluzetarrak San Andres auzoko baserriak izenburuko liburua idatzi du, Soraluzeko baserriei buruz prestatzen diharduen liburu-bildumako lehendabizikoa.

San Andres auzoari dagokion liburu honetan, ordena alfabetikoan antolatuta dauden 28 baserriren historia deskribatzen da, bai eta bertan bizi ziren pertsonen datuak eta bestelako jakingarriak. Lan honek gure herriko historiaren 500 urte baino gehiago jasotzen ditu bere baitan eta milaka dokumentu kontsultatu izanaren eta ordu askoko lanaren emaitza da.

Idazlea

Francisco Javier Larrañaga Guridik (Soraluze, 1949) Industria Teknologiaren Ingeniaritza ikasketak bukatu eta gero enpresen aholkulari gisa jardun zuen lanean eta, ondoren, kudeaketa- eta zuzendaritza-lanetan aritu zen.

Osasun arrazoiengatik goiz jubilatuta, baserriei eta bertako biztanleei buruzko ikerketan buru-belarri sartu zen, batez ere Bergaran eta inguruan. Bergara: Abizenak, leinuak eta oinetxeak azterketa argitaratu du, hiru aletan, eta Bergarako errotak liburua ere bai, aurrekoen osagarri. Antzinako Genealogista Elkarteko kidea da, eta hainbat lanetan parte hartu du, baserriak, oinetxeak eta euskal genealogia ardatz hartuta.

Aurkezpen-ekitaldia

Datorren eguaztenean, hilaren 23an aurkeztuko da liburua jendaurrean, arratsaldeko 19:00etan, Herri Antzokian.

Liburuaren salmenta

Liburua aurkezpen egunean bertan eskuratu ahal izango da, erdi prezioan (10 euro).

Behin aurkezpen eguna igarota, Iratxon edota Gaztañerre azokan erosteko aukera izango da, 20 euroan.