Abisu laranja haizetearengatik 15:00ak eta 20:00ak bitartean

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2024ko urr. 9a, 14:07

Toldoak erretiratzen Itxaropenako terrazan, gaur, eguaztena.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu laranja aktibatu du haizeteagatik gaurko, urriak 9, eguaztena, 15:00ak eta 20:00ak bitartean.

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du haizeagatik asteazkenerako, urriaren 9rako, 15:00etatik 20:00etara bitartean. Haize-boladek 120 km/h-ko abiadura gaindi dezakete Euskadi mendebaldeko mendietako haizeguneetan, eta 100 km/h-ko abiadura Bizkaiko eta Arabako haizeguneak ez diren tokietan, batez ere bi lurraldeen mendebaldean. Haizetea dirudienez Kantauri iparraldetik igaroko den borraska sakon batek eragingo du.  Borraska horren jatorria Kirk urakanaren hondarrak dira, ahulduta Penintsularen ipar-mendebaldera hurbiltzen ari baita.
 

Euskalmet  – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, depresio hori Euskadira urakan moduan iritsiko ez bada ere, hegoaldeko eta hego-mendebaldeko haize zakarra eragingo du, batez ere asteazkenean.  

Atzo arratsaldetik aurrera, hegoaldeko eta hego-mendebaldeko haizea indartzen joan da, eta bereziki EAE mendebaldeko mendialdeei eragin die. Hala ere, hegoaldeko eta hego-mendebaldeko haizeak gaur izango du indarrik handiena. Borraska igarotzen denean, iragarpenen arabera arratsaldeko azken orduetan, haizeak ipar-mendebaldera egingo du.  

Udal zerbitzuak ere alertan egongo dira abisu laranjak iraun bitartean.

Biztanleriarentzako gomendioak

  • Asteazken arratsaldean, urriaren 9an, ahal dela ez bidaiatu errepidez, eta, batez ere, saihestu basoak edo landaretza handiko eremuak.
  • Egun horretan ez joan mendira.
  • Urrundu erlaitzetatik, hormetatik, zuhaitzetatik edo publizitate-hesietatik, eta kontuz ibili eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen ondoan.
  • Ondo itxi eta segurtatu ateak, leihoak eta toldoak.
  • Kendu loreontziak eta kalera eror daitezkeen objektu guztiak.