Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak urritik martxora bitarteko egitarau berria kaleratu du

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2024ko urr. 3a, 18:09

Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak apirilean ekin zion bere bideari; orain, udazken-neguko egitarau berria kaleratu du eta izen-ematea zabaldu.

Apirilean eman zituen lehen urratsak Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak bi urteko sortze-prozesuaren ostean. Ahalduntze Eskolak topaketarako, ikaskuntzarako, hausnarketarako eta prestakuntzarako gune bat izan nahi du, emakumeen* ahalduntzea sustatuko duena.

Lehenengo tailer eta ikastaro ziklo arrakastatsuaren ondoren, udazken-neguko egitaraua kaleratu berri du Ahalduntze Eskolak. Udaberriko egitarauaren baitako ekintzen ostean, ekainean, egindako balorazio-topaketako ekarpenetatik abiatuta osatu du programaketa berria talde eragileak. Oraingoan, emakumeentzako* soilik diren ekintzez gain, bi jarduera misto ere programatu dira.

Egitaraua eta izen-ematea, martxan

Hauexek dira Ahalduntze Eskolak urritik martxora bitarte emakumeentzat* eskainiko dituen ikastaro eta tailerrak, laburrean:

  • Tailerra: "Gorputz ikusezinak: Emakumeen sareak josiz"
  • Tailerra: "Biodantza eta barne ahalduntzea"
  • Ikastaroa: "Sendabelarrak ezagutu eta elaborazioak prestatu"
  • Zinema: "Zineforum feminista" (jarduera mistoa)
  • Liburu aurkezpena: "Ama*, Eme*, Ume*" (jarduera mistoa)
  • Topaketa: "Soraluzeko emakumeon* topaketa"

Egitarau guztia eskuragarri hemen, ekintzen xehetasunekin: eguna, ordua, hizkuntza eta lekua. Ekintza guztiak doakoak izango dira.

Izen-ematea urriaren 2tik 18ra bitarte dago zabalik; dena den, jarduera bakoitza hasi baino hiru egun lehenago amaituko da behin betiko izen-emate epea. Jarduera guztiek izango dute zaintza zerbitzua eta, beranduenez ere, ekintza baino hiru egun lehenago eskatu beharko da.

Izena emateko bi bide egongo dira:

  • Online, ondorengo galdetegia betez: izen-ematea
  • Aurrez aurre, udal bulegoetan astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara.

Izen-emate prozesuan laguntza behar izanez gero, edo jardueraren bati buruzko informazio gehigarria nahi izanez gero 943753043 telefonora deituta edo harrera@soraluze.eus helbidera idatzita lor daiteke.