Domekan egingo da Dolmenen ibilbidea ezagutzeko azken bisita-gidatua

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2024ko urr. 1a, 13:05

Domekan egingo da Dolmenen ibilbidea ezagutzeko hurrengo bisita gidatua; aurtengo azkena izango da, eta euskaraz.

Dolmenen Ibilbidearen (PR-Gi 94) balio arkeologikoa zein pasaia-balioa gizarteratzen jarraitzeko asmoz, doako bisita gidatuen programa antolatzen dute Elgoibarko, Bergarako eta Soraluzeko Udalek, Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziarekin elkarlanean. Apirilean hasi ziren aurtengorako programatutako hamabi bisitak eta domekan, urriaren 6an, izango da azkena.

Ibilbide gidatuak 9 kilometroko luzera eta lau orduko iraupena du, Karakaten hasi eta Irukurutzetaraino joan-etorria. Ibilbidea erraza eta malda gutxikoa da, familian egiteko aproposa, 7 urtetik gorako haurrekin.

Gomendatzen da mendi ibilbideetarako oinetako egokiak, txapela eta eguzkitarako krema eguraldi ona eginez gero, ura eta jateko zerbait eramatea.

Bisitak Karakateko aparkalekutik abiatuko dira goizeko 10:00etan.

Izena emateko, 657794677 telefonora deitu, info@begi-bistan.com helbidera idatzi edota https://www.debabarrenaturismo.com/eu/dolmenen-ibilbidea/bisita-gidatuak webgunean dagoen formularioa bete behar da. Barixakua izango da izena emateko azken eguna.