Katamarran ume-txokoko bazkideak batzar orokorrera deituta daude gaur, martitzena

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2024ko ira. 24a, 08:55

Gaur, martitzena, irailak 24, Katamarran ume-txokoko bazkideek batzar orokorra egingo dute.

Apirilean ateak ireki zituenetik 35 bazkide familiak eta 42 haurrek eman du izena Katamarran ume-txokoan: 0-4 urteko haur eta familien espazio hezitzailean. 

Bilera orokorra bazkideekin

Urte erdi inguruko esperientziaren ostean, bilera orokorrera deitu ditu bazkideak gunearen kudeaketan diharduen talde-eragileak. Batzarrean orain arteko ibilbidearen balorazioa egin, funtzionamenduari dagozkion aldaketez edo hobekuntzez jardun eta etorkizunera begirako asmoak eta proiektuak adostuko dituzte.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, zaintza- eta itzulpen-zerbitzua izango da, behar izanez gero. Horretarako, zein bileraren funtzionamendu ona bermatzeko, aurrez asistentzia inprimakia betetzeko eskatzen da, ondorengo loturan: izen-ematea.

Eguna: irailak 24, martitzena

Ordua: 18:30

Lekua: Tolarekua aretoan (Arane udal kiroldegian)

Nori zuzenduta: Katamarran ume-txokoko bazkideei

Izena emateko aukera

Katamarran ume-txokoan izena emateko aukera etengabe dago zabalik. Talde eragileko kideek azaldu bezala, bazkidetzea ezinbestekoa izango da Katamarran ume-txokoa erabili ahal izateko; horretarako bi bide daude:

  • Aurrez aurre, udaletxeko harrera bulegoan, astelehenetik barixakura 9:00etatik 14:00tara.
  • Online, galdetegia betez: izen-ematea.

Bazkidetzeko urteko 10 euroko kuota sinbolikoa ordaindu beharko da. Dirua oztopo izan ez dadin, ahalegin berezia egingo da familia bakoitzari egokitutako ordainketa aukerak eskaintzeko. Bazkidetza-kuota ordaintzeaz gain 3 euroko fidantza ordaindu beharko da giltza-sortaren truke, behin bazkide izateari utzitakoan eta giltza itzultzean, bueltan jasoko dena, hain zuzen ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.