Bilboko hilketa matxistaren gaitzespen irmoa eta ostiral arratsalderako elkarretaratzerako deia

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2024ko ira. 13a, 07:11

Soraluzeko Udalak gogor salatzen du asteazkenean Bilbon emakume bat erail izana; adierazpen instituzionala kaleratu du eta elkarretaratzea deitu du ostiral arratsaldeko 7:00etarako, Plaza Barrixan.

Gizonezko batek bere bikotekidea hil du asteazken gauen Bilbon, aurtengo hirugarren erailketa matxista Euskal Herrian. 2003tik hona 122 emakume eta 12 adingabe hil ditu indarkeria matxistak Euskal Herrian eta horrek adierazten du ez dela ekintza isolatu bat, arazo estruktural bat baizik. Eta beraz, Soraluzeko Udalak bere gaitzespenik gogorrena erakusten du Bilboko emakumearen hilketaren aurrean.

Soraluzeko Udalak gogorarazi nahi du heriotzek emakumeen aurkako indarkeriaren arazoaren zati bat baino erakusten ez dutela eta horren jatorria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean dagoela. Nabarmendu nahi du ere arazo hau ez dela emakumeena bakarrik, gizarte osoarena baizik eta horregatik, dei egiten dio gizarteari berdintasuna lortzeko borrokan elkarrekin ekitera.

Bukatzeko, Soraluzeko Udalak biktimaren senide eta lagunekiko elkartasuna azaldu nahi du, eta irmotasunez adierazten du lanean jarraituko duela berari dagokion eremuetan emakumeen aurkako indarkeriarekin bukatzeko erantzukizunarekin. Era berean, herritarrei dei egiten die, ostirala IRAILAREN 13, 19:00etan Plaza Barrixan egingo den kontzentrazioan parte hartzera.

Indarkeria matxista pairatzen ari bazara edo zure inguruko norbait egoera horretan badago, hona hemen laguntzarako kontaktuak:

  • Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeak artatzeko telefonoa (EJ):  900840111 (24 ordu/51 hizkuntza)
  • Emakumeenganako indarkeria mota guztietako arreta zerbitzua: 016
  • Udaltzaingoa: 943753024
  • Ertzaintza Bergara: 943534720
  • Larrialdiak: 112
  • Soraluzeko Gizarte Zerbitzuak: 943 75 00 56
  • Soraluzeko Berdintasun saila:berdintasuna@soraluze.eus