Guraso Eskola berriak probako lehen ikasturtea izango du datorrena, 2024-2025 ikasturtea, hain zuzen ere. Edozein adineko seme-alabak dituzten gurasoek parte hartu ahal izango dute eta komunikazio ez-bortitzaren printzipioak ikastea izango du xede: seme-alabekin modu sakonagoan konektatzea, gatazkak modu baketsuan eta eraikitzailean konpontzea eta familia-lotura eta -giro harmoniatsuagoa lortzea.
Nerea Mendizabal hezitzaile eta psikopedagogoa, komunikazio ez bortitzean aditua, izango da Guraso Eskola bideratuko duena. Joan den ikasturtean ere izan zen Nerea Mendizabal Soraluzen, Treba gurasoak ekimenaren baitan gurasoentzako Harreman osasuntsuak lagun artean hitzaldia ematen.
Guraso Eskolaren funtzionamendua
Guraso Eskola sei hilabetez hilean behin bilduko da bi orduz. Saio bakoitzean gai bat landuko da teorikoki zein praktikoki, eta jarraian, parte-hartzaileek beraiek ekarritako gai eta egoerak aztertzera bideratuko da lanketa. Espazio seguru eta konfidentziala izan nahi du Guraso Eskolak, eta parte-hartzaile bakoitzak erabakiko du zenbateraino inplikatu nahi duen.
Saioen tokia eta ordutegia taldea sortzean adostuko dira, eta Guraso Eskolaren hizkuntza ere sortzen den taldearen ezaugarrien arabera zehaztuko da.
Informazio gehiago behar izanez gero, antolatzaileek prestatutako dokumentua kontsulta daiteke ondorengo loturan: Guraso Eskola.
Izen-ematea eta prezioa
Guraso Eskolan izena emateko azken eguna datorren eguena izango da, uztailaren 11, eta ondorengo galdetegia beteta egin behar da: izen-ematea. Ordainketa ere izen-ematearekin batera egin beharko da.
Taldea osatu ahal izateko gutxienez 10 eta gehienez ere 15 lagunek eman beharko dute izena. Leku baino izen-emate gehiago baldin badaude, izen-emate hurrenkeraren arabera osatuko da taldea, eta gainerako pertsonak itxaron-zerrendan geratuko dira.
Prezioa 50 euro izango da Atxolin eta Katamarren guraso elkarteetako kideentzat; gainerakoentzat, ostera, 60 euro. Epeka ordaintzeko aukera izango da atxolinige@gmail.com helbidera idatzita.