Ekainaren 28an, LGTBI+ kolektiboaren, sexu askapenaren eta harrotasunaren egunean, LGTBI+ mugimenduaz harro gaudela aldarrikatu nahi dugu eta gure konpromisoa berresten dugu aniztasunarekin, LGTBI+ eskubideekin eta bizikidetzarekin. LGTBI+ kolektiboaren eskubide eta askatasunen aitortzan lortutako aurrerapenak ospatu nahi ditugu, baina ahaztu gabe oraindik eskubide horiek lortzeko bidean pausu handiak gelditzen direla.
Pertsona guztien berdintasunean aurrerapen ukaezinak egin diren arren, oraindik diskurtso LGTBI+fobikoen albiste kezkagarriak sortzen dira, lortutako lorpenetan atzerakada bat dakartenak. Komunikabide nagusienen estigmatizazio saiakera ezberdinek zein manipulazioak, eskuin muturreko diskurtso intoleranteek eta gorroto jarrerek cisheteroarautik kanpo kokatzen diren bizitzak ezabatu nahi dituzten honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da nondik gatozen gogora ekartzea, ospatzea eta aldarrikatzea. Stonewalletik Euskal Herrira, milaka bizipen, galera, aldarrikapen eta lorpen izan ditugu, baina oraindik egiteko asko dugu. Eraso LGTBI+fobikoen salaketen datuak esponentzialki egin dute gora azken urteetan, LGTBI+ pertsonen inbizibilizazio eta bazterketak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira… eta ondorioz gure bizitzak arriskuan daude. Ez dugu inolako atzerapausorik onartuko kolektibo osoko ehunka lagunen ahaleginari esker lortutako eskubideetan. Irabazitako eskubide bakoitza gizarte bidezkoago eta gizatiarrago baterako urratsa baita.
Horregatik guztiagatik, antolatzea eta borrokatzea ezinbestekoa dugu. Gure kasuan, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, genero-aniztasunaren perspektiban eta perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak… ezartzea ezinbestekoa dugu. Anekdotikoak diren politikak alde batera utzi, eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko garaia da. Horretan ari gara eta hori sustatzen jarraituko dugu, askoren artean eta elkarlanean.
Hori dela eta, udalean konpromisoa hartzen dugu, gure herriko LGTBI+ pertsonetan oinarritutako ekintzak abiatzeko, gure herria LGTBI+ fobiarik gabea izan dadin. Ildo honetan, herriko LGTBI+ mugimenduko kideekin batera aritzeko konpromisoa hartzen dugu eta erreferente eta norbanako ezberdinak aktibatzeko moduak sustatuz.
Honetaz gain, dei egiten dugu ekainaren 28aren bueltan antolatu diren mobilizazioetan parte hartzera, bereziki ekainaren 28an arratsaldeko 19:00etan Plaza Berrian egingo dugun elkarretaratzera hurbiltzera animatu nahi ditugu soraluzetarrak.
Amaitzeko, LGTBI+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko, lan eta borrokatzen ari diren kide eta kolektibo guztiak zoriondu nahi ditugu, batez ere, Soraluzen LGTBI+ komunitatearen eskubideen alde borrokatu egin duten pertsonak, harrotzeko moduko mugimendua osatzen duzuelako.
Gora ekainaren 28a!
SoraluzetHARROk aske maitte, harro bizi!